argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzaren 3 arazo: ezin ordaindu, ezin integratu eta ezin euskaldundu
  • Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako txostenaren arabera, ikasleen jatorri sozioekonomikoa eta kulturala kontuan hartuta, sare publikokoen eta itunpeko eskoletakoen arteko aldea handitu egin da.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 19a
Sare publikoko ikasleen %24k jangelarako beka du.

Krisiak eskola orori eragin dio, baina Euskadiko Eskola Kontseiluak plazaratutako Hezkuntza Euskadin 2012-2013 txostenaren arabera, sare publikoko eskolei gehiago eragin die itunpekoei baino.

Esate baterako, itunpeko zentroetako ikasleen %28k eskola materiala erosteko bekak behar ditu, eta sare publikoan %40k.

Itunpeko ikastetxeetako ikasleen %10ak jangelarako beka behar du, eta sare publikoan berriz, %24k.

Berria egunkariak txostenari buruzko artikulua landu du, eta Eskola Kontseiluaren ustez, adierazle sozioekonomikoak eta emaitza akademikoak erlazionatuta daude, eta ondorioz, bi eskaera egin dituzte. Batetik, gai horren inguruko ebaluazio sakonagoak egitea, eta bestetik, baliabide gehiago izatea.

Ikasle atzerritarrak sare publikoan

2012-2013 ikasturtean sare publikoko ikasleen %9,9 etorkinak izan ziren, Kristau Eskolako ikasleen %6,4 eta Partaideko zentroetako ikasleen %2,6.

Etorkinen %48k A ereduan eta sare publikoan ikasten du. Eskola Kontseiluaren iritziz, datuok hezkuntza sareen artean irekitzen ari den aldearen adierazle dira, eta ondokoa gomendatu du: “Ikasle etorkinen eskolatze prozesuan arreta berezia jartzea”.

D ereduan ari diren ikasleen %25ek ez du euskara menperatzen

Kontseiluak txostenean azaldu duen beste kezka bat da. Euskara irakats hizkuntza duten ikasleen %25ak ez du euskararen behar besteko ezagutzarik.

Ikasle horiek eskola giroan baino ez dute euskaraz egiten, etxean eta kalean gaztelaniaz aritzen dira. Hortaz, bai eskolan baita ikasgelatik kanpo ere euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak abian jartzeko eskatu du Kontseiluak.