argia.eus
INPRIMATU
Sare mugimenduak milaka lagun batu ditu Bilbon dispertsioaren aurka
  • Euskal presoen sakabanaketaren bukaera eskatzeko, milaka lagun batu dira larunbatean Bilbo Arenan. Dispertsioaren liburua aurkeztu dute herritarren sarea trinkotu eta dispertsioaren errealitatea munduratzeko asmoz. Aurpegi ezagun ugarik hartu dute hitza ekitaldian, tartean, Juan Jose Ibarretxe, Uxue Barkos, Axun Lasa eta Javier Madrazok.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 22a
Dispertsioaren aurkako herritarren sarea irudikatzeko, eskutik eskura sokak pasatuta sarea osatu zuten Bilbo Arenan bildutako milaka herritarrek.

25 urtez luzatu den dispertsio politikarekin amaitzeko unea iritsi dela esanez aurkeztu dute ekitaldia Ines Osinaga musikariak eta Galder Perez antzerkigileak. Helburua argi, bideari ekiteko hiru urrats azaldu zituzten: sakabanaketaren ondorioen berri zabaltzea, dispertsioaren gaineko iritzian eragitea eta sakabanaketarekin amaitzeko herritarren sare sendoa antolatzea.

Horretarako, Dispertsioaren liburua aurkeztu dute. Apirilera arte, mundu osoan 500.000 ale banatzea da asmoa, “edonork modu argian ulertzeko eskubide urraketa hori zertan datzan, ikuspegi juridikotik, sozialetik eta humanotik”. Ikuspuntu horietatik abiatuta, sakabanaketarekin bukatzeko arrazoiak eman zituzten Iñaki Lasagabasterrek, Jule Goikoetxeak eta Igor Elortzak.

Bilboko kiroldegian batutako herritarrek ere izan dute protagonismoa. Eskutik eskura sokak pasatuta sarea osatu eta “Saretuz, dispertsioarekin bukatuko dugu” hitzak eratu zituzten. Halaber, dantza, musika, slaclinea eta poesia ere izan dira ekitaldian.

Bestetik, urtarrilaren 10ean Bilbon manifestazio erraldoia iragarri dute euskal presoen eskubideen alde. Giza eskubideak aldarri, mobilizazioaren bidez, “mundua mugiarazi eta hunkitzea” lortu nahi dute.

Desberdinen arteko indar metaketa

Larunbateko ekitaldiak ekainaren 15ean abiatutako herritarren sarea trinkotzen jarraitzeko mugarri izatea zuen helburu, sakabanaketarekin amaitzeko “desberdinen arteko indar metaketa” beharrezkoa dela azpimarratuta.

Bideo batean politikari, musikagile eta beste aurpegi ezagun ugarik hartu dute hitza, dispertsioarekin amaitzeko herritarren aurreratzean eman beharreko pausoak azalduz. Hauen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Axun Lasa, Juan Mari Olano, Carlos Garaikoetxea, Uxue Barkos, Toti Martinez De Lezea, Willy Toledo, Joan Mari Torrealdai, Asun Landa eta Javier Madrazo.

Ekitaldiko zenbait unekin osatutako bideoa ikusgai dago Naiz.info webgunean.