argia.eus
INPRIMATU
Sare Herritarrak hirugarren bizikleta itzulia antolatu du uztailaren 23, 24, 25ean
  • Uztailaren 23an Lekunberritik abiatuko da martxa Hernanin amaitzeko, eta 25an Iruñeko espetxetik hiriburuaren erdigunera eginen da beste txirrindula martxa bat.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2020ko uztailaren 03a

Uztailaren 23an, 24ean eta 25ean izango da aurtengo bizikleta itzulia, Sarek antolatzen duen hirugarrena. Aurtengoa ordea, edizio berezia izango da, Covid-19a dela eta ezarritako egoerak dakartzan oztopoak eta hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta. Horregatik, 2020ko bizikleta itzulia hiru egunetan egingo diren etapa ezberdinek osatuko dute; uztailaren 23an, Lekunberritik Hernanira martxa egingo da, Nafarroa eta Gipuzkoa batuz. Uztailaren 24ean, Urduñatik Durangora eginen du bide martxak eta azkenik, uztailaren 25ean, lau etapa izango dira Euskal Herrian dauden lau espetxeetatik hiriburuetara.

"Aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da, bai senide eta baita preso dauden Euskal Herritarrentzat ere. Covid-19a dela eta hiru hilabete igaro behar izan dituzte senideek bisitarik gabe. Hiru hilabete luze izan dira, zeinetan haurrak ezin izan duten euren gurasoekin bisitarik izan. Denbora guzti horretan ezjakintasuna eta ziurgabetasuna izan dira nagusi senide eta presoei dagokionean, baita espetxeetan dagoen gabezia higieniko eta masifikazioaren ondorioz, beldurra ere. Hori nahikoa ez balitz, urruntze politikak gauzak are zailago eta gogorragoak bilakatzea ekarri du. Orain, bisitak berreskuratu ostean, senideek berriro ere ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte, pandemia oraindik indarrean den honetan, bizia errepidean arriskatuz", gogoratu du Sarek gaur goizean Gasteizen egindako martxaren aurkezpenean.

"Bada garaia behin betiko egoera honekin amaitzeko. Bada garaia presoak Euskal Herriratu eta hauen etxeratze prozesua gauzatzeko", esan du Sarek.

Izan Bidea ekimenaren baitan kokatu dute martxa hau, "preso eta iheslarien etxerako bidea eta euskal jendartearen elkarbizitzarako eta bakerako bidea egiten jarraitu nahi dugulako". Bizikleta itzulian izena emateko www.sare.eus web-orrian sartu eta bizikleta itzulia atalean sartu behar da.