argia.eus
INPRIMATU
Sare Herritarrak Auzitegi Nazionalaren jarrera “oztopatzailea” salatu du
  • Fiskaltzat euskal presoen gradu progresioen hiru laurdenei errekurtsoa jarri diela salatu du. Martxan diren salbuespeneko politikekin bukatzeko beharra aldarrikatu du presoen eskubideen aldeko plataformak.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 21
Sare herritarrak 2022 eta 2023 urteen arteko balorazioa egin du espetxe politikaren inguruan. Argazkia: Sare

Sare Herritarrak 2022 eta 2023 urteen arteko espetxe politikaren balorazioa egin du, eta bertan Auzitegi Nazionalaren jarrera “oztopatzailea” kritikatu eta salbuespen politikak salatu ditu. Txostenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen %75eri jarri die helegitea fiskaltzak.

Positiboki ikusten du azken urtean tratamendu batzarrek 24 progresio proposatu dituztela, Jaurlaritzako Justizia Sailburuak onartuak; gainera, beste zortzi progresio-proposamen daude. Hala ere, zera salatu dute: “Espetxe politika arrunta aplikatzearen balizko emaitzatik oso urrun daude oraindik, betetze-denboragatik erdi-askatasunean edo baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete euskal preso gehienak”. 115 preso inguru izango liratekeela kalkulatu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxeetako tratamendu batzordeen erabakien inguruan “konfrontazio-jarrera” duela adierazi du Sarek, eta oraindik salbuespen politikak aplikatzen direla.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak onartutako 24 progresioetatik hamaseiri errekurtsoa jarri die fiskaltzak. “Guztiz bestelako testuinguru baterako pentsatutako araudia indargabetzen ez bada, eska daitekeen gutxienekoa da araua zentzuz eta malgutasunez aplikatzea”, adierazi du plataformak. Presoen gizarteratze prozesuak Euskal Herrian kontrolatu beharko liratekeela ere aldarrikatu du.

Hala, egoera normalizatzeko prozesu bat eskatu du Sarek, salbuespenezko legeak indargabetu eta “gainditutako faseak min handiagorik eragin ez dezan”.