argia.eus
INPRIMATU
Sare: “Giza eskubideen alde eginiko lanagatik izango dira epaituak”
  • Herrira auziaren epaiketa egunaren berri jakin ostean Sare Herritarrak oharra kaleratu du auziaren inguruko balorazioa egiteko. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimenduarentzat "sufrimenduarekin amaitzeko onartezina" da halako auziek oraindik aurrera jarraitzea.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 11

Sareren ustez Madrilen epaituko dituzten 47 lagunak "giza eskubideen alde egindako lanagatik" daude egoera horretan. Bestalde, gogorarazi du 2015eko manifestazioan Guardia Zibilak mugimendu horri atzemandako dirua ez dietela itzuli.

Sare Herritarraren oharra osorik:

"Sare Herritarraren oharra 47 auzipeturen aurkako epaiketaren inguruan: Gaur jakin dugun moduan, datorren irailaren 16an abituko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Audientzia Nazionalean. Pertsona hauek giza eskubideen alde eginiko lanagatik izango dira epaituak, besteak beste, abokatu eta medikuak, euskal presoei dagokien babes legal eta artatze medikua emateagatik. Guztien bizkar akusazio eta zigor desproportzionatuak eskatu ditu fskaltzak.

Sufrimenduarekin amaitzeko garai honetan auzi onartezina dela deritzo Sarek. Mina areagotu eta presoen auziari aterabidea emanaz elkarbizitza erreal baten alde urratsak eman beharrean, kontrako norantzan kokatzen da epaiketa hau. Zauri berriak zabaldu eta korapiloak estutzeko baino balio ez duena. Gaurko egunean besarkada bana helarazi nahi diegu auzi berri honen parte izatea egotzi zaien guztiei eta euren senide eta lagunei.

Gogoratu nahi dugu ere, auzi honen baitan 2015eko urtarrileko manifestazioan Sare Herritarrak bildutako dirua lapurtu zuela Guardia Zibilak, oraindik orain, itzuli izan ez dena.

Konponbidean aurrera egin eta benetako elkarbizitza egoera zein bakerako urratsak emateko garaian gauden honetan, halako auziek ez dutelako kabidarik, Sarek bere konpromiso osoa adierazi nahi du bide honetan lanean jarraitzeko".