argia.eus
INPRIMATU
Sare: “Baldintza hauek ezin dira gorroto eta mendeku oinarri baten baitan baino ulertu”
  • Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak gogor kritikatu du Xabier Rey Urmenetaren heriotza, eta gogoratu du urruntze politika ez ezik, isolamentu politika gehitzen zitzaiola presoaren egoerari. Euskal jendarteari egin diete dei, "ideologiak ideologia, giza eskubideen defentsan aktibo izaten jarraitzeko, halako gertaera lazgarriak berriro errepika ez daitezen eta konponbidearen zein bakearen bidean urratsak eman ditzagun". Hona komunikatua osorik:

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 07a

"Xabierren heriotza, jada luzeegia den zerrenda ilun batera gehitzen da, salbuespeneko espetxe politika krudelaren ondorioko biktimen zerrendara. Xabier Rey, euskal presoei automatikoki atxikitzen zaien urruntze politika aplikatzen zitzaion, hain zuzen ere, bere herritik 1000 kilometrotara espetxeratuz. Baina Xabierren kasuari gainera, urruntze politika ez ezik, isolamendu politika gehitzen zaio: Xabierrek 20 ordu pasatzen zituen bere ziega barruan isolatuta, eta soilik 4 ordu patioan, beste kideekin harremantzeko aukerarekin. Isolamendu egoera honek eragin zuzena du presoaren egoera psikikoan eta animikoan, muturreko egoeretaraino eramanaz. Baldintza hauek ezin dira gorroto eta mendeku oinarri baten baitan baino ulertu, oinarrizko giza eskubideen urraketa zuzena izateaz gain Espainiako zein Europako legeak berak ere urratzen baitituzte. Sare Herritarrak bere elkartasun sentituena eta babes osoa helarazi nahi dio Xabier Rey Urmenetaren senide eta gertukoei, eta gertaera honen aurrean sentitzen duen samina adierazi. Honekin batera, dei egin nahi diogu euskal jendarteari, ideologiak ideologia, giza eskubideen defentsan aktibo izaten jarraitzeko, halako gertaera lazgarriak berriro errepika ez daitezen eta konponbidearen zein bakearen bidean urratsak eman ditzagun. Sarek konpromisoa agertzen du, salbuespeneko espetxe politika honekin amaitu artean lan egiten jarraitzeko. Bide honetan, gizarte zibilaz gain, euskal instituzioei zein alderdi, sindikatu eta eragileei lagun izateko deia ere egiten diegu, guztioi baitagokigu egoera hau aldatu dadin urratsak ematea eta herri honetan bizitako sufrimendu egoera guztiekin amaitzea eta halako gertakariak berriro gerta ez daitezen baldintzan sortzea. Zentzu honetan, gogoan izan behar dugu salbuespen legediak indarrean jarraitzen duen bitartean, asko direla Xabierren egoera bera bizi duten presoak eta baita larriki gaixorik egonda kartzelan jarraitzen duten presoak. Benetako Bake eta Konponbidea lortu nahi badugu salbuespenezko politika eta giza eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dago".