argia.eus
INPRIMATU
Saramagoren ‘Lisboako setioaren historia’ euskaraz berrargitaratu dute
  • Lehenbiziko aldiz euskaraz argitaratu zenetik 20 urte baino gehiago igaro direnean, José Saramagoren Lisboako setioaren historia nobela berrargitaratu du Elkar argitaletxeak.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 24a
José Saramago 1999an Bilbon, hiriaren fundatzaile Diego Lopez Harokoaren estatuatxoa eskuan duela (argazkia: Mikel Martinez / Euskaldunon Egunkaria).

Ostiral honetan aurkeztu dute Lisboako setioaren historia liburuaren edizio berria Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bere garaian Literatura Unibertsala bildumaren baitan argitaratu eta egun deskatalogatuta geratu diren itzulpenak berrargitaratzen ari da Elkar argitaletxea Urrezko Biblioteka bilduman, eta kolekzio horren barruan ikusi du argia edizio berri honek.

Liburuaren aurkezpenean izan dira Jon Alonso liburuaren itzultzailea eta Itziar Diez de Ultzurrun EIZIE elkarteko lehendakaria, Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editorearekin batera. Itzulpena lehen aldiz argitaratu zenean bertan egon zen norbait falta izan da, hori bai: 1999an José Saramago bera Bilbon izan zen liburuaren aurkezpenean. Ez zen nolanahiko kontua hura: aurreko urtean literaturako Nobel Saria jaso berria zen idazle portugaldarra eta euskarazko itzulpenaren karietara Bizkaiko hiriburutik pasa izanak zeresan handia eman zuen prentsan.

2010. urtean, Saramago hil zenean, bisita haren aurreko eta osteko trama kontatu zuen Alonsok ARGIAn publikatu zuen artikulu batean.

Historia aldatzen duen transgresioa

Nobelari dagokionez, Raimundo Silva testu-zuzentzailearen istorioa du ardatz Lisboako setioaren historia-k. Adinean sartuxea dago, mutilzaharra da eta bizimodu aspergarria darama, egun batean transgresio txiki bat egiten duen arte. Lisboako setioari buruzko liburu bat zuzentzen ari dela, “bai” jarri behar zuen lekuan “ez” jarriko du eta aldaketa horrekin Portugalgo historia hankaz gora jarriko du, baita Silvaren beraren bizitza ere.

Norberaren patuaren jabe izateaz, historiaz, gizatasunaz, fikzioaz eta maitasunaz diharduen eleberri honek Saramagoren idazkera bereziaren lagin ona eskaintzen du. Gainera, hau da euskaraz irakur daitekeen Saramagoren liburu bakarra gaur gaurkoz.