argia.eus
INPRIMATU
Sarako Idazleen Biltzarra ostiraletik astelehenera bitarte izango da
  • Bihar hasiko da 38. edizioa Saran, berrikuntza batekin: lehen bi egunak haur eta gazteentzat antolatu dituzte. Igandean izango da egun nagusia eta astelehenean, egun profesionala. Anai Artea elkartea omenduko dute.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 07a
Sarako 38. Idazleen Biltzarrean izango dira 130 egile, 19 argitaletxe eta 21 elkarte. / Argazkia: Euskal Kultur Erakundea.

Aurtengo Sarako Idazleen Biltzarra zenbait berritasunekin dator. Urriak 8 eta 9an Ikusi Mikusi azoka irekiko dute, alegia, lehen aldiz haur eta gazteei zuzendutako euskara hutsezko literatura azoka. Ostirala ikastetxeentzat izango da eta larunbata familientzat. 10:00etatik 19:00etara Sarako hainbat txokotan irekiko dituzte karpak, eta haurrek “idazketa eta sorkuntza munduan murgiltzeko” aukera izango dutela iragarri dute antolatzaileek.

Ikuskizunak, topaketak, animazio-tailerrak, idazleen hitzaldiak eta beste gozatzeko okasioa izango dute Euskal Herri osoko haur eta gaztetxoek. Tailerretan izena emateko eta egitarau osoa ikusteko Ikusi Mikusiren webgunea zabaldu dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, osasun agiria derrigorrezkoa izanen da.

130 egile eta hemeretzi argitaletxe

Bestalde, urriaren 10ean publiko guztientzat irekiko ditu ateak azokak, 10:00etatik 18:00tara bitarte. Sarako Biltzarrean parte hartuko dute 130 egilek, hemeretzi argitaletxek eta 21 elkartek, eta egitarau oparoa osatu dute. Gainera, oraingoan musika gehiago egongo dela aurreratu dute.

Bada beste berritasun bat: idazle bat omendu beharrean, Anai Artea elkartearen mende erdiko ibilbidea goraipatuko dute. 1969an sortu zuten elkartea, besteak beste Pierre Larzabal eta Telesforo Monzonek euskal errefuxiatuen laguntzeko. Orduz geroztik betidanik aritu da Euskal Herriak bizi duen gatazkaren berri ematen eta konponbidearen alde lanean.

Azken eguna, urriaren 11, profesionalei bideratuta dago. "Emazteak eta euskal literatura" gaiaren inguruan jardungo dute. 9:00tan hasita, sortzaileek gidatutako mintzaldiak, mahai-inguruak, irakurketak eta performance artistiko-literarioak gozatzen ahalko dira. Hemen deskargatu daiteke egitarau osoa.