Osasun eta segurtasun neurriak hartuta igande honetan, irailak 6, eginen da 37. biltzarra, osasun egoera dela eta egun bakarrean. Antolatzaileek aitzinatu dutenez, argitaletxe, idazle eta musikarien 96 mahai izanen dira 10:00etatik 18:00etara kiroldegian. Sartzea bi euro ordaindu beharko da.
Usaian bezala, hainbat aurkezpenekin osatu dute egitaraua. Bertzeak bertze, Euskaltzaindiak eta hainbat argitaletxek euren lanak aurkeztuko dituzte eta Euskarazko Wikipediaren inguruan mintzaldia ere izanen da. Bi urterik behin banatzen dituzte Biltzarreko sariak, idazle edo sortzaile bat sarituz eta aurten Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi ohoratuko dituzte.
Horrez gain, gazte literatura saileko irakurketa musikatuak eginen dituzte Kiribil konpainiarekin 11:00etan, 15:00etan eta 16:00etan, eta Arantxa Leizagoienen margolan eta marrazki erakusketa ere ikusgai izanen da. Axuri'arte taldekoen eta bertze hainbat eskulangileren lanak plazan paratuko dituzte ikusgai eta salgai. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da.
Egitaraua