argia.eus
INPRIMATU
Sarai Goitia militanteak epaitegian salaketa jarri du poliziaren jazarpenagatik
  • Azaldu du dei anonimoak egin dizkiotela Galder Barbadori buruz galdezka, eta bere espazio pribatuetan ibili direla, baita autoa margotu diotela ere. Argi du haien helburua dela “militante politiko oro urduri jartzea”.

Leire Artola Arin 2022ko ekainaren 06a
Bilboko Guardiako epaitegian jarri zuen salaketa ekainaren 3an. / Argazkia: Sortu.

Ekainaren 3an jarri zuen salaketa Bilboko Guardiako epaitegian Sarai Goitia militante abertzaleak, Polizia jazartzen ari zaiolako. Naiz irratiari kontatu dionez, Galder Barbadoren gertuko militante batzuei dei anonimoak egin dizkiete azken asteetan, hari buruz galdezka. Horrez gain, Goitiak azaldu du bere etxe eta auto inguruan presentzia bat sumatu dutela, eta autoan pintaketak egin dizkiotela: “Argi dago haien helburua militante politiko oro urduri jartzea dela eta bereziki Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren ingurua. Horrek ere baduelako eragin bat haiengan”.

Sortuk elkartasuna eta babesa helarazi dizkio gazteari, eta iritzi bera plazaratu du, ohar batean: “Militante abertzaleen aurka beldurra eragin nahian ari dira estatu estolderiak, askapen prozesua geldiarazteko”. Gogorarazi dute Goitiaren eta Barbadoren jazarpen kasuak ez direla isolatuak, eta gogor salatu dituzte gertaerak. “Norbaitek iraganeko kontuak zirela uste badu, oker dabil: estatu-estolderiek euskal militanteak zelatatzen eta mehatxatzen jarraitzen dute, eta xantaia egiten ari dira”, ohartarazi du Sortuk.

Barbadoren salaketaz geroztik jarraitu dute

Galder Barbadok maiatzaren 20an salaketa jarri zuen arrazoi beragatik, alegia, polizia jazarpenagatik. Haren kasuan, Sorturen egoitzako agerraldi batean azaldu zuen Guardia Zibilak jazarri egin zuela eta kolaborazio eskaintza egin ziola. Sarai Goitiak esan du salaketa horren harira espero zutela jazarpenak gelditzea, baina ez dela horrela izan. Salatzera animatu ditu egoera berean dauden militante eta kide guztiak.