Sara Pina Yeregiren hilketa burutzea leporatzen diote haren bikotekide zen José María Uruñuelari. Auzipetuak asteazken goizean egin ditu deklarazioak, eta fidantzarik gabe behin-behinean espetxera bidali du epaileak. Epaitegien kanpoaldean, hainbat pertsona bildu dira hilketa gaitzetsi eta Pinaren senideei babesa helarazteko.
Urtarrilaren 10ean hilik aurkitu zuten 38 urteko Sara Pina Yeregi, Tuterako bere etxebizitzan. Hilotzak indarkeria zantzuak zituen, eta haren bikotekidearen arrastorik ez izateak, hilketa matxistaren hipotesia mahaigaineratu zuen; ihesera emana zen, telefonoa etxean utzita. Hala bada, Foruzaingoak berau aurkitzeko agindua eman zuen, eta Pinaren gorpua aurkitu biharamunean antzeman zuen Poliziak Bodeletik gertu. Hiltzailea izatea leporatuta, atxilo eraman zuten 41 urteko José María Uruñuela.
Ordutik, Parisen egon da preso gizona, harik eta asteartean Madrilera lekualdatu zuten arte, ostean Nafarroara eramateko. Asteazkenean deklaratu du Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzio Epaitegian, eta epaileak gizona behin-behinean espetxeratzeko agindu du, fidantzarik gabe. Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiko titularrak ikertuaren izaera eman dio Uruñuelari, ustez hilketa-delitu bat egiteagatik.
Atxilotuak deklaratu bitartean, "Denok gara Sara. Ezta bat gutxiago ere" lelopean bildu dira hainbat pertsona, hilketaren aurrean beren gaitzespena agertzeko eta Pinaren senideei babesa adierazteko.