Sara Majarenas askatzeko eskatu dute espetxean umea izandako hainbat preso ohik

Zuzeneko jarraipena
  • Urtarrilaren 15ean Sara Majarenas preso politikoaren alaba labankadaz larri zauritu ostean, bere askatasuna eskatzen ari dira eragile ugari. Gaiari jarraipena egingo diogu.


2017ko urtarrilaren 25ean - 17:35
Gakoak
Preso ohien agerraldia (Arg.: Gorka Rubio / Argazki Press)
Espetxean ama izandako preso ohiak, Majarenasen askatasunaren alde

Espainia eta Frantziako kartzeletan ama izandako preso ohi talde batek agerraldia egin du Sara Majarenas aske utz dezatela eskatzeko, haren alabaren onerako –oraindik Valentziako erietxe batean dago– eta zigorraren hiru laurden beteta dituelako jada. Datorren martxoan umeak hiru urte bete eta espetxetik kanpora joan beharko duela gogorarazi dute, eta azpimarratu egin dute kasu honetan bereziki garrantzitsua dela ama eta alaba elkarrekin egotea, bigarrenari modu egokian sendatzen laguntzeko.

Euskal presoek espetxe barruan guztira 40 haur izan dituztela gogorarazi dute. Momentu honetan horietako hogeik dute ama preso, eta lau haur bizi dira espetxe barruan, denak Majarenas dagoen espetxean, Picassent-en (Valentzia). Espainiako Estatuan gehienez hiru urte eman dezakete amarekin kartzela barruan; Frantziakoan, hamazortzi hilabete.

Umearekin espetxe barruan dauden amak modulu egokitutan dauden arren, funtsean bizi-baldintzak beste edozein modulutakoak bezalakoak direla salatu dute. Arazo ugari sortzen du horrek, pediatria zerbitzurik ez izatea eta haurra euskaraz hezteko zailtasunak, berbarako.

Elkarretaratze jendetsua Donostian

Sarek deituta ehunka lagun batu dira larunbatean Donostiako Alderdi Ederren egindako elkarretaratzean. Prentsari eginiko adierazpenetan, eledunek adierazi dute Majarenasek zigorraren bi heren beteak izan arren, espetxean eta etxetik 500 kilometrotara jarraitzen duela. Espainiako estatuak bere legea beteko balu, baldintzapeko askatasunean behar lukeela gogoratu dute. Gutxienez, Martuteneko espetxera lekualdatzeko eskatu dute.

Hemen irakurritako testua:

Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde milaka eta milaka lagun Bilbon elkartu eta egun gutxira, Sare behartuta egon da Justizia eta Gizatasuna aldarrikatzeko deialdi hau egitera.

Inolako zalantzarik gabe, Izar erailtzeko saiakera, ekintza kriminal matxista izan da eta bere egileak justiziaren aurrean erantzun beharko du. Baina gertaera larri honi, Izarren amaren, Sararen, egoera gehitu behar zaio.

Sara, espainiar gobernuaren espetxe politikaren, nahiz Justiziaren, adibide argiena da. Emakume euskaldun preso honengan, urrunketaren zigorra ikus dezakegu. Bere etxetik, bere gertukoengandik, 500 km.etatik gora egotea alegia. Krudelagoa ahal bada, egunotan bizi duen egoerarekin. Baina ez hori bakarrik.

Egoera horri gehitu behar baitzaio baldintzapeko askatasuna eskuratzen uzten ez dion salbuespen legediapean dagoela, nahiz eta, 2/3k eta 3/4k soberan beteak izan, legeak agintzen duen modura. Zehazki, zigorturiko 13 urteetatik 12 beteak baititu dagoenekoz. Guzti honegatik, mendekuaren amaiera eskatzen dugu.

Eta kasu zehatz honetan, gizatasunagatik bada ere, berehalako askatasuna exijitzen dugu, eta bien bitartean, Martuteneko espetxera ekar dezatela.

Sorturen kongresuan Izar eta Sararen askatasuna eskatu dute

Sorturen birfundazio kongresuan, Sara Majarenas eta Izar alabaren askatasuna eskatu dute atsedenaldian egin duten kontzentrazioan.

Aurretik, Arnaldo Otegik ere aipamena egin dio.

Majarenasek bigarrenez ikusi ahal izan du alaba

Donostian ostegun goizean egindako prentsaurrekoan Etxerat-ek azaldu du Sara Majarenasek bigarren aldiz ikusi ahal izan duela alaba Valentziako La Fe ospitalean. Elkarteko ordezkarien esanetan lehenengo "fase kritikoa" gainditu du haurrak, zauritua izan eta 72 ordu igaro direnean, eta bere egoera egonkorra da.

Etxeratek salatu du espetxe politikak eragindako egoera dela honakoa, eta "salbuespen legedia" ezarri ez balitzaio Majarenas aske legokeela duela bi urte.

Sinadurak biltzen hasi dira Sara Majarenas askatzeko eskatuz

Change.org plataformaren bidez sinadurak biltzen hasi dira Sara Majarenas euskal presoa askatzeko eskatuz. Eskaeran nabarmentzen denez, Majarenasek jada bete ditu konenaren hiru laurdenak.

Aralarrek ere Majarenas askatzeko eskatu du

Aralar alderdiak idatzi baten bidez Sara Majarenas euskal presoa aske uzteko eskatu du. Alderdi abertzalearen arabera, presoa "zigor bikoitza" pairatzen ari da eta Espainiako Gobernuak legea bete beharko luke, presoa aske utziz. Prentsara bidalitako oharrean diotenez, Majarenasek dagoeneko bete ditu ezarri zitzaion hamahiru urteko zigorretik hamabi, baina oraindik kartzelan jarraitzen du, legearen arabera aske beharko lukeen arren.

Majarenas berehala askatzeko exijitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak

Sara Majarenas euskal preso politikoak bere alabaren erailketa saiakeraren bitartez pairatutako eraso matxistaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak oharra helarazi du ARGIAra:

Gure mugimenduak maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi die Izar umeari, Sarari eta haien familiari momentu gogor hauetan.

Horrelako kasuak beti mingarriak baldin badira, askoz ere gehiago kartzelak sortzen duen babesgabetasunean pairatzen direnean. Gure txikitasunetik, familiari laguntzeko gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu. Jazotakoaren irakurketari dagokionez, salatu nahi dugu gertaera hau pertsonak jabego pribatu bihurtzen gaituen kapitalismoak eta patriarkatuak bultzatutako mentalitate matxistaren ondorioa dela. Ez da burua galdu duen aita baten ekintza isolatua, baizik eta txikitatik ezartzen diguten heziketa matxistaren emaitza dramatikoa. Banaketa prozesu baten baitan eta ama preso egonda, aitak amari bere alabaren bitartez eraso egitea ekintza koldar eta nazkagarrienetakoa da.

Bestetik, salatu nahi dugu ohiko komunikabide sentsazionalistek izandako jarrera morbosoa, arreta osoa biktima den amarengan jarriz. ETAko militantea izatea izan da komunikabide hauentzat albistearen gako nagusia, umearen eta amaren egoera bigarren plano batean utziz. Denaren gainetik errespetua eskatu nahi dugu Izar, Sara eta bere familiarentzat.

Bukatzeko eta kasu larrienekin beti egin dugun bezala, Sararen berehalako askatasuna exijitzen dugu. Zigor osoa betetzeko urtebete baino ez faltatzeaz gain, bere egoera ez da kartzelarekin bateragarria. Umearekin etxean egon behar du, biek elkarrekin eta familiaren berotasunean berreskurapen prozesua egin ahal izateko. Etxean, bizirik eta salbu nahi ditugu.

Moulins-Yzeureko espetxean 24 orduko baraualdia egingo dute

Moulins-Yzeureko espetxean dauden preso politikoek, Aitzol Iriondo, Iurdan Martitegi eta Jabier Abaunzak, 24 orduko baraualdia egingo dutela jakinaraziz, oharra helarazi dute ARGIAra.

Ohar honen bidez gure besarkadarik goxoena eta indarrik iraultzaileena helarazi nahi diogu Sara Majarenas gure burkideari eta Izar bere alabari. Aupa Sara eta aupa Izar!

Oraingoan gure burkidea jo du, eta kolpatu du Kolektibo osoa, gizon baten eraso matxistak. Hain zehatz, Sararen eta Izarren gorputzean hiru zapalketa gurutzatu dira. Lehenik, Euskal Herriaren zapalketak eragin zuen Sararen engaiamendua askatasunaren alde eta Euskal Herriaren kontrako errepresioak dauka oraindik ere bahitua eta deserriratua. Bigarrena kartzela sistema berarena, emakumea bereziki modu bikoitzean kolpatzen duena egunerokoan, berriki Usurbilen gure kide izandako emakumeek ederki adierazi diguten bezala. Eta hirugarrena, patriarkatuarena, oraingoan modurik eta bortitzenean kolpatu duena gure burkidea eta bere alaba eta beraz, Euskal Preso Politikoen kolektibo osoa.

Eta gertatutakoan ardura zehatza du ere Gobernu Espainolak, bere legedi propioa beteko balu, aspaldi legokeelako Sara kondenaren 3/4 beteta etxean.

Honegatik, eta gehiago luzatu gabe, Moulins-Yzeureko espetxean deserriraturik gauzkaten hiru militanteok adierazi nahi dugu ostiral honetan (urtarrilak 20) 24 orduko baraua burutuko dugula hala Sara gure burkideari eta Izar bere alabari gure elkartasun, goxotasun eta babesa eskaintzeko, nola Sara Majarenasen berehalako askatasuna exijitzeko. Izarrek ama etxean eta aske behar du!

Hau ez da kasualitatea. Badugu zer hausnartu. Badugu zer landu. Badugu zer borrokatu.

Kontzentrazio jendetsua indarkeria matxistaren aurka Donostian
(Arg.: naiz.eus)
Asteartean Donostian antolatutako elkarretaratzea.(Arg.: Naiz.eus)

Asteartean Majarenasen alabak jasandako erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten Donostiako Bulebarrean, Emakumeen Mundu Martxak antolatuta. Bertara gerturatukoen aurrean "Indarkeria matxistari aurre hartu. Erasorik ez erantzunik gabe!" zioen pankarta bat atera zuten, Donostiako Koordinadora Feministak sinatua.

Indarkeria matxistak maila desberdinak dituela azaldu zuten, horien artean adintxikikoen aurkakoa. Kasu hau horren adibide dela adierazi zuten. Oraingoan, sakabanaketa politikak eta espetxeen izaera patriarkalak dituzten ondorioak gehitu behar zaizkiola azaldu dute.

Sara Majarenasen alabaren egoera hobetzen ari da, familia inguruan duela

Sara Majarenas preso politikoaren alabak ZIU zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen du. Erabakigarri diren lehen 72 orduak igarotzeko gutxi falta denean, familiak umearen egoera pixkanaka hobea dela adierazi du, Garak zabaldu duenez.  Etxerat elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkinek ere Euskadi Irratian emaniko azalpenetan larri baina egonkor dagoela esan du, atzo hobera egin ondoren.

Familiako hainbat kide Valentzian daude eta Sara Majarenasen amak eguneko 24 orduetan umearekin egoteko baimena du. Majarenasek bere alaba momentu batez ikusteko aukera izan zuen astelehenean, baina haurra ZIUtik ateratzean berarekin geratzeko baimena izango duela espero dute. Bitartean, Picassenteko presondegian, amak dauden modulutik mugitu dute, bakarrik egon ez dadin.

Majarenasek, epailearen aurrean eginiko adierazpenetan, jasotzen ari diren elkartasun guztia eskertu du, arduratuta dagoen arren “hunkituta” sentitzen dela esanez. Gertuko familia Valentzian egoteak lasaitzen duen arren, espetxetik atera eta bere alabarekin egotea zein garrantzitsua den azpimarratu dio epaileari. Majarenasek 2018an beteko du bere zigor osoa.

Sarek elkarretaratzea deitu du larunbatean Donostiako udaletxe aurrean

"Sare herritarrak, Picassent-eko espetxean urrundua den euskal emakume preso baten alabak pairaturikogertaera larriaren aurrean, indarrean duden eskubide urraketekin amaitu beharraren garrantzia adierazi nahi du". Hori salatu asmoz, elkarretaratzea deitu du larunbatean Donostiako udaletxe aurrean, 19:00etan.

"Milaka eta milaka lagunek Bilboko kaleetan euskal presoen eskubide urraketekin amaitu behar dela eskatzetik 48 ordu igaro ez diren honetan, Izar haurrak, Sara Majarena euskal presoaren alabak, jasandako erailketa matxista saiakerak, gogorarazten digu, larunbatean erakutsi gisara, euskal jendarteak aktibaturik jarraitzearen beharra, eta espainiar gobernutik ezartzen den giza eskubideen urraketa sistematikoa amaitzeko eskatzearen beharra. Preso diren pertsonen eskubideen aurka, beraien legeei eta nazioarteko araudiei muzin egiten dieten horiek salatzen ditugu", diote prentsara bidalitako oharrean.

 

Sara Majarenas presoa Donostiara hurbiltzeko eskatuko du Eneko Goia alkateak

Igandean aitak labankadaz erasotako bi urteko umearen ama, Sara Majarenas preso politikoa, Donostiara hurbiltzeko eskatuko duela jakinarazi du Eneko Goia alkateak, Udalaren gobernu bileraren ostean. Haurra Donostian erroldatuta dagoela gogorarazi du Goiak. Uneon Picassenteko espetxean dago Majarenas, Valentzian.

Espainiako Espetxe Erakundeari idazteko asmoa agertu du alkateak, “egoera larria baita”. Sendatutakoan umea aitona-amonekin Donostiara bizitzera etortzekoa dela eta bertoko eskola batean izena emanda dagoela kontuan izan du udal gobernuak, azaldu duenez. “Ageriko ezaugarri humanitarioengatik” ama alabarengandik ahalik eta gertuen egon behar lukeela gaineratu du Goiak.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, Josu Erkoreka bozeramailearen ahotik esan du ezin duela Majarenasen gaiarekiko ezer egin, bere eskumenetatik kanpo baitago.

Umearen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostian, ehun lagun inguru bildurik, alderdi politikoetako ordezkariak tartean. EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak Majarenas baldintzapean askatzeko eskatu du, alabaren onerako; presoak zigorraren hiru laurden dagoeneko beteta dituela eta legea aplikatuz kalean egon litekeela adierazi du EH Bilduko diputatuak.

Eusko Jaurlaritzak dio ez dagokiola ezer egitea

"Hemendik kanpo gertatutako egitateak dira,eta tokian tokiko agintarien ardura da", adierazi die kazetariei Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak.

Euskal preso politiko baten alaba larri dago umearen aitak sastakatu ondoren

Sara Majarenas euskal preso politikoaren alaba bi aldiz sastakatu zuen bizkarrean umearen aitak, preso sozial ohia. Bi urteko umea operatua izan da eta larri dago zainketa intentsiboetako unitatean, Vocento taldeko Las Provincias egunkariak argitaratu duenez.

Umea Espainiako Estatuko hainbat kartzelatan bizi izan da bere amarekin. Orain, Picassenteko kartzelan bizi dira biak, baina asteburuak bere aitarekin igarotzen zituen. Igande goizean, gizonak bi labankada eman zizkion eta ondoren polizia-etxean aurkeztu zen, Benifaión duen etxean ustez alaba hil zuela aitortuz. Agenteen arabera gizona lasai agertu zen.

Udaltzaingoa eta Guardia Zibila gizonaren etxera hurbildu ziren anbulantziarekin batera. Agenteek blindaturiko atean zulo bat egitea lortu zuten eta umea odolez beteta aurkitu zuten barruan, baina kontziente. Anbulantzian Valentziako la Fe ospitalera eraman zuten. Medikuen arabera, labankadetako batek birika zulatu zion umeari. Majarenasen alaba bi aldiz operatu behar izan dute eta zainketa intentsiboetako unitatean dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sara Majarenas kasua
2019-10-24 | ARGIA
28 urteko zigorra ezarri diote Izar Majarenasen aitari, hilketa saiakeragatik

Valentziako Probintzia Auzitegiak 28 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Stytianos Messinezisi, Izar alaba hiltzen saiatzeagatik eta Sara Majarenas amari lesio psikikoak eragiteagatik.


2019-09-11 | ARGIA
Izar Majarenasen aita behin-behinean espetxeratu dute, urrian epaiketari berrekin arte

Urriaren 16ra atzeratu da epaiketaren hirugarren saioa, eta ihes egiteko arriskua argudiatuta, Izar Majarenas larri zauritu zuen Stytianos Messinezis espetxeratzeko eskatu dute fiskalak eta akusazio partikularrak. Eskaera onartu egin du epaileak.


2019-09-10 | ARGIA
Izar Majarenasen aurkako erasoa onartu du erasotzaileak epaiketan

Hasi da Valentzian Sara Majarenasekin izan zuen alabari bi labankada eman zizkion gizonaren aurkako epaiketa. Erasoa onartu eta damututa dagoela, baina zehaztasunik ez duela gogoratzen esan du erasotzaileak. Alabak ondorio psikologikoak sufritzen jarraitzen duela adierazi du... [+]


Elkartasuna adierazi diote Sara Majarenas eta Izarri Donostian

Estropaden egun nagusian manifestazioa egin dute Sara Majarenas eta Izarri elkartasuna adierazteko, eta justizia gizartearen presioarekin soilik lortu daitekeela esan dute.


2019-09-03 | Irutxuloko Hitza
Sara Majarenasi eta Izarri babesa emateko agerraldia egin dute emakume feminista, ezkertiar eta independentistek

Agerraldia 25 emakumek egin dute, Egiako parkean, astelehenean. Igandean beste justizia eredu bat aldarrikatzeko egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute.


2019-08-27 | Irutxuloko Hitza
Beste justizia eredu baten aldeko manifestazioa egingo dute irailaren 8an

Kontxako Banderaren bigarren igandean egingo den manifestaziorako deia egin du Sara Izarrekin plataformak. “Bizi nahi dut” lelopean abiatuko dira Bulebarretik, irailaren 8an, 13:30ean.


2019-06-13 | ARGIA
Majarenasen eta honen alabaren erasotzailea aske mantentzea erabaki dute epaileek behin behinean

Valentziako Lurralde Auzitegiak erabaki du Stytianos Messinezis erasotzaileak libre jarraitzea behin behinean, baldintzazko neurriak bete dituela argudiatuta. Uztailean egingo da bere kontrako epaiketa.


2019-06-11 | ARGIA
Fiskaltzak espetxe zigorra eskatu du Sara Majarenas eta honen alabaren erasotzailearentzat

Asteartean egin da Majarenas eta honen alabaren kontrako erasoaren auzi saioa. Fiskaltzak erasotzailearentzako 30 urteko espetxe zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak eskariarekin bat egin du.


2019-02-21 | ARGIA
Majarenasen alabaren erasotzaileak libre jarraituko duela salatzeko elkarretaratzea deitu dute Donostian

Duela bi urte Sara Majarenasen alaba Izar hiltzen saiatu zen gizona libre da otsailaren 15etik. Asteazken honetako bistan, Majarenasen eta alabaren defentsak eskatu du epaiketara arte gizona kartzelan mantentzeko, jakinik gainera erasotzaileak aitortu egin duela erasoa eta... [+]


2019-02-19 | ARGIA
Libre utzi dute Stytianos Messinezis, Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona

Baldintzapean libre da otsailaren 15etik duela bi urte Sara Majarenasen alaba Izar hiltzen saiatu zen gizona: Stytianos Messinezis. Berriak eta Naizek jakinarazi dutenez, Picassent-eko (Herrialde Katalanak) instrukzio epaitegian asteazkenean berriz bista bat izango dute... [+]


2018-04-10 | ARGIA
BIDEOA | Sara Majarenasen ongi etorria jendetsua Intxaurrondon

Sara Majarenasi ongi etorria egin diote Donostiako Intxaurrondo auzoan. 13 urte egin ditu espetxean.


2018-04-09 | ARGIA
Sara Majarenas presoa aske atera da, espetxean 13 urte pasa ostean

13 urteko espetxealdia amaiturik, aske geratu da Sara Majarenas euskal preso politikoa. Haren izenak oihartzun handia eduki du iazko urtarrilean bi urteko alaba labankadaz bere aitak larriki zauritu ostean.


Juana Rivas, Sara Majarenas eta XXI. mendeko miserikordia etxeez

Michel Foucault eta enparauak irakurriz beti pentsatu izan dut Frantziako Iraultzaren ostean kontrola gorputzaren barneraino sartzeko mekanismo gisa antolatu zutela kartzela egitura osoa. Aurretik, zigor publikoa jasotzen zuten araua betetzen ez zuten horiek: urkamendia, eskua... [+]


2017-08-10 | ARGIA
Sara Majarenas eta Izar etxera ekartzeko eskatuko dute Donostiako Piratek aurtengo txupinazoan

Ostegun arratsaldean Donostiako Piratek jakinarazi dutenez, Sara Majarenas eta Izar izango dira aurtengo Aste Nagusi Piratako txupinazoko protagonistak. Larunbatean ezingo dira Alde Zaharreko "La Flamenka" gunean egon, etxean preso baitaude Madrilen. Beren presentzia... [+]


2017-06-20 | ARGIA
Sara Majarenas askatzearen alde daude Eusko Legebiltzarreko talde guztiak, PP izan ezik

Eusko Legebiltzarreko EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSEren taldeek Sara Majarenas euskal presoa askatzeko eskatu dute legez besteko proposamen batean. Legebiltzarreko mahaiak tramitera onartu du, eta beraz osoko bilkuran eztabaidatuko da proposamena. Majarenasen eta beraren... [+]


Eguneraketa berriak daude