argia.eus
INPRIMATU
Sara Majarenas aska dezaten eskatzeko manifestazioa egingo dute ostegunean Donostian
  • Ostegunean, arratsaldeko 19:00etan martxa antolatu dute Donostiako Bulebarretik Sara Majarenas presoa aske utzi dezaten eskatzeko. Horrela, bere alabarengandik bereiztea saihestu nahi du Izarrekin Sara Etxera plataformak.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 01a
Osteguneko manifestazioaren deialdia. (Arg.: Izarrekin Sara Etxera)

Egun horretan bananduko dituzte Majarenas eta bere alaba. Majarenasek Picassent, Valentziako kartzelara itzuli beharko du, eta horrek Izarri “bigarren kolpe” bat eragin diezaiokeela uste dute Majarenas askatzearen aldarriarekin bat egin dutenek.

Urtarrilean labanaz eraso egin zion Izarri bere aitak. Ordutik, bere osasun fisikoak hobera egin du, baina martxaren antolatzaileak diote gertatutakoaren “ondorio psikologiko eta emozional larriak” gainditzeko baldintza egokiak eskaini behar zaizkiola haurrari.

Iñaki Barrutia-Arregi haur psikologoak eta Luixa Reizabal EHUko Garapen Psikologikoko irakasleak asteartean egindako prentsaurreko batean esan zuten ezinbestekoa zela Izar bere amarekin bizitzea: "Izar babesik eta segurtasunik gabe sentitzen da orain". Psikologoek azaldu dute bere ama dela Izarren atxikimendu irudi nagusia, lotura afektibo seguruak bermatzen dizkiona eta oinarrizko premia biologiko, afektibo eta kognitiboak asetzen dituena.

Gainera, plataformak oroitarazi du Majarenasek jada zigorraren hiru laurden bete dituela, eta baldintzapeko askatasuna lortzeko baldintzak betetzen dituela.

Kontxi Ibarreta, Izarren amonak bere testigantza eskaini zuen. Hemen bideoa: