argia.eus
INPRIMATU
Sara Ibañez
“Bi abortu izan nituenean, Petronor zalantzan jartzen hasi nintzen”
  • Meatzaldea Bizirik taldeko bozeramaileetako bat da Sara Ibañez, Petronorren koke plantaren kontra ari den plataforma. Hor Dago-El Saltok elkarrizketa egin dio eta findegia 35 urtez ondoan edukitzeak bere haragitan jasandakoa kontatu du.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 30a
Sara Ibañez, Meatzaldea Bizirik (argazkia: Hor Dago-El Salto / Christian Garcia)

Ibañezek hiru urte daramatza jubilatuta, Ortuellako familia planifikaziorako zentro batean egiten zuen lan. Mugimendu sozialetan eta feminismoan militatzen hasi eta ekologismoan murgildu zen Petronorren jardunak.

Azaldu duenez, hasieran ziurtzat jotzen zuten findegi batek segurtasun neurri guztiak ondo beteko zituela eta kontrolaturik zutela, "baina Petronor zalantzan jartzen hasi nintzen bi abortu izan nituenean, bata 1992an, emaginak esan zidan haurdun geunden emakume guztiek aldi berean abortatu genuela. Ezin da aurkitu kausa-efekturik, baina 35 urtez eskualdeko emakumeen osasuna kontrolatzen igaro ondoren, beti izan dut susmoa, baita datuak ere, osasun arazo gehiago ditugula".

Petronorrek izandako istripuek bere bizitzan nola eragin dioten ere kontatu du Meatzaldea Bizirik-eko kideak, 2002an leherketa baten ondorioz bere alabak jasandako trauma tarteko.

Eta emakumeak borroka horren abanguardian zergatik ote dauden galdetuta, gauza "espontaneoa" izan dela dio, protagonismo nahirik gabekoa. Baina salatu du, Petronorrek eskualdean kontratu selektiboak egiten dituela gizonezko gazteen artean, "kontrako mobilizazioak desaktibatzeko".