Iruñeko Alde Zaharreko Arrazoiak ekimenak Sara Fernandez gogoratuko du haren heriotzaren 15. urtemugan. Fernandez preso bat bisitatzera egindako bidaia batean auto istripuz hil zen.
2018ko azaroaren 29an, 15 urte beteko dira Alde Zaharreko bizilaguna zen Sara Fernandez Esparza, Espainiako Estatuak euskal presoei ezartzen dien sakabanaketa politikaren ondorioz hil zela.
Sakabanaketa politikak 30 urte bete dituen honetan, senideek astebururo euren bizitzak arriskuan jartzen dituztela salatu dute Alde Zaharreko bizilagunek. "Horrelakorik berriro gerta ez dadin, oroimena eta aitortza ariketa egitea ezinbestekoa da. Bereziki, heriotza hau eragin zuen espetxe politikak, giza eskubideak urratzen dituenak, bere horretan dirauenean", esan dute.
"Azken urteotan politikan aro berriak heldu direla entzuten dugu, baina euskal presoek ehunka kilometrotara sakabanatuta jarraitzen dute", gogoratu dute.
Gauzak horrela, eta hamabostgarren urtemuga probestuz, hurrengo asteetan ekimen batzuk garatuko dituzte. Alde batetik, Iruñeko hurrengo udalbatzan Sara Fernandez Esparaza motibazio politikoko indarkeriaren biktima izendatzea eskatuko dute, "orain urte eta erdi Nafarroako Gobernuak egin zuen bezala".
Horrez gain, azaroaren 28an, urtemugaren bezperan, ekitaldi berezia egingo dute arratsaldeko 19:00etan Katakraken "Sararen memoria eta aitortzaren alde". Bukatzeko, Iruñeko egunean, urtero bezala, dispertsioaren aurkako manifestazioa egingo dute Baratxurien plazatik hasita eta Sara Fernandez omenduko dute auzoak eskeinitako txokoan, Aldapa kalean.
Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.