argia.eus
INPRIMATU
Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute
  • “Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 09a

Hogei urte igaro dira Sara Fernandez gaztea preso zegoen lagun bat bisitatzera zihoala hil zenetik, eta haren “aitortza eta erreparazioa” eskatzeko manifestazioa eta memoria ekitaldia burutuko du “Sara gogoan” plataformak azaroaren 28an, arratsaldeko 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan. Hala iragarri dute asteazken honetan Sararen oroimenez hogei bat lagunek krabelin gorriak zeramatzaten prentsaurrekoan. Preso politikoen senidea eta haren familia “modu ofizialean aitortuak izateko” urratsak eman behar direla adierazi du plataformak eta Nafarroako erakunde nagusiei eskatu die “beharrezkoak diren mekanismoak antolatu” ditzaten.

Asier Garcia plataformako bozeramaileak gogorazi du “euskal presoen urruntzea eta sakabanatze sistematikoa” 35 urtez mantendu dela, eta horrek, “senideen eta gertukoen exodoa” ekarri duela. Gaineratu du, sakabanaketa gaur-gaurkoz amaitu den arren, Sarari eta sakabanaketa horrek eragindako gainerako biktimei ez zaiela “dagokien aitortza ofizialik eman”.

Garciak nabarmendu du ekimen honekin bat egiten dutela Nafarroako Alde Zaharreko hogei eragile politiko, sozial, memorial eta kulturalek baino gehiagok. Tartean dira, besteak beste, Matalaz, AZGM Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, Haritu, Zabaldi, Zaldiko Maldiko eta Egiari Zor.

Istripuaren zertzeladak

2023ko azaroaren 29an, Sara Fernandez eta Izaskun Urkijo Valdemoroko Madrilgo kartzelara joan ziren lagun bat bisitatzera. Erdi bidean istripua izan zuten, sara hil eta Izaskun larri zauritu zen. 40 minutuko bisita baterako, 410 kilometro egin behar izan zituzten joateko, eta bestela 410, bueltatzeko. “Saihestu zitekeen heriotza” zela nabarmendu dute kideek.