argia.eus
INPRIMATU
Sara Majarenas eta Izar etxera ekartzeko eskatuko dute Donostiako Piratek aurtengo txupinazoan
ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 10

Donostiako Piratek Matti gisa izendatzen dute urtero nabarmendu nahi duten pertsona edo eragilea, "Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorrena". Bera izaten da jaien hasierako txupinazoa botatzeko arduraduna, beste gauza batzuen artean.

"Ezkila kapitaina eta Matti kaira iristen dira beti, baina aurten haiekin batera Izar eta Sara iristea ere nahi dugu. Bai Izartxok eta bai Sarak eskubide osoz egon beharko lukete hemen Donostian, euren herrian. Zoritxarrez, lur hauetan ohi den eran, urruntasunean preso dituzte, senideengandik aparte. Haiek hala izan arte, gu ere ez garela aske izango azpimarratu nahi dugu", adierazi dute.

"Madrildik biziko dute Sara eta Izarrek Aste Nagusi Pirata eta horretarako Sararen ahizpa Haizearen laguntza izango dute; bera izango da euren begi eta ahotsa Aste Nagusian zehar. Modu honetan, Sarari komunikatzeko ezarritako baldintza zorrotzak direla-eta, Haizea izango dugu Mattiri ahotsa jarriko diona", diote.

Kofradia guztien artean erabakitzen dute eta aurten Sara eta Izar donostiarrak hautatu dituzte. Bideo hau egin dute erabakiaren berri eman eta mugimenduko kofradiak aurkezteko.

Azken urteetan ondorengo eragileak omendu dituzte Donostiako Piratek: Martuteneko auzo elkartea (2012), Etxe kaleratzeen aurkako plataforma (2013), abortoaren aldeko mugimendua (2014), Irutxuloko Hitza (2015) eta errefuxiatuak (2016).

Piraten oharra osorik:

Ezkila kapitaina eta Matti kaira iristen dira beti, baina aurten haiekin batera Izar eta Sara iristea ere nahi dugu. Bai Izartxok eta bai Sarak eskubide osoz egon beharko lukete hemen Donostian, euren herrian. Zoritxarrez, lur hauetan ohi den eran, urruntasunean preso dituzte, senideengandik aparte. Haiek hala izan arte, gu ere ez garela aske izango azpimarratu nahi dugu.

Madrildik biziko dute Sara eta Izarrek Aste Nagusi Pirata eta horretarako Sararen ahizpa Haizearen laguntza izango dute; bera izango da euren begi eta ahotsa Aste Nagusian zehar. Modu honetan, Sarari komunikatzeko ezarritako baldintza zorrotzak direla-eta, Haizea izango dugu Mattiri ahotsa jarriko diona.

Dakizuenez, Donostiako Piratak, jai herrikoi partehartzaile, askatzaile, euskaldun eta feministen aldeko mugimendua gara. Mattiren aldarriari helduz, berriro ere errepikatzen dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartuko.

Bestalde, ilusio izugarria egiten digu aurten umetxo batek, Mattiren pertsonaia gorpuztuko duela pentsatzeak. Izan ere, adin mugarik ez duen mugimendua gara, festak halako mugarik izan ezin duenez gero. Jai herrikoi eta anitzak antolatu ahal izateko, belaunaldi arteko transmisioa ezinbestekotzat jotzen dugu.

Ongi etorri beraz, Izar eta Sarari, Donostiako Piraten hamabosgarren urtemuga honetara!

Ezkila kapitaina aurten Ubarroia Groseko kofradiakoa izango da.