UPNrentzat aukerarik hoberena zentsura mozioa saihestea dela dio Nafarroako presidente ohi Miguel Sanzek.
Miguel Sanzek parlamentua desegiteko eskatu zion Yolanda Barcina presidenteari. Oposizioak zentsura mozioa eskatu baino lehen, hauteskundeak aurreratzeko gomendatu zion presidente ohiak. Nafarroako Foru Erkidegoak bizi duen krisi instituzionalari amaiera emateko aukerarik egokientzat hartzen du Sanzek.
UPNren batzorde exekutiboaren bileran adierazi zuenez, zentsura mozioak kalte egin diezaioke alderdi politikoaren irudi publikoari. Sanzek Parlamentuaren gaitzespena saihestea eta maiatzeko hauteskundeak bitarte Nafarroako Jauregian jarraitzea irtenbiderik hoberena dela uste du.
UPNren barruan hainbat kidek Sanzen jarrerarekin bat egiten dute eta hauteskunde deialdia iragartzea gomendatu diote Barcinari. Nafarroako presidenteak bere horretan jarraitzen du ordea, PSNrekin pultsua mantendu eta zentsura mozioa UPNren kanpainaren lehen ekintza bihurtuta.
PSNk atzo hasi zuen bilera-erronda
Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra alderdiekin hasi zituen bilerak atzo PSNk. Roberto Jimenezekin elkarrizketatu zirenek baieztatu zutenez, PSN zentsura mozioa aurkezteko prest egongo litzateke, baina zalantzak Ferrazen onarpenean egongo lirateke.
PSNk prentsa-ohar bidez adierazi zuenez PSN-PSOEren konpromisoa "hauteskunde aurreratuak deitzeko mekanismo politikoa bilatzea" da, beti ere “alderdi federala izanik, erabaki guztiak elkarrekiko adostasunean erabakitzen dira” gogoraraziz.