argia.eus
INPRIMATU
Santutxuko familia bat etxe kaleratze arriskuan dagoela salatu du Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak
  • Leonor, haren senarra eta adin txikiko hiru seme-alabak etxetik kaleratu nahi dituzte apirilaren 15ean. Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Taldearen (AZET) eskutik eman dute ezagutzera beren kasua, eta egoeraren aurrean bizileku duina bermatu diezaieten, exijentziak helarazi dizkiete etxejabeei eta instituzioei. Mezuak ez du ekibokoetarako tokirik uzten: “Ez dugu behar lo egiteko tokia, bizitzeko tokia baizik”.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko martxoaren 17a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

“Leonor nauzue, 42 urte ditut eta Basarrateko bizilaguna naiz, Santutxun. Hiru seme-alaba ditut, 7 eta 6 urtekoak, eta 6 hilabetekoa txikiena. Nire familia apirilaren 1ean kale gorrian geratzeko arriskuan dago, hamabost egunen buruan. Familia osatu nuenetik, administrazio ezberdinetara laguntza eske jo dudanean beti erantzun didate “itzuli bedi bihar” klasikoarekin. Nire hiru seme-alabak, senarrak eta nik hezetasun eta onddo artean bizi behar izan dugu, baldintza negargarrietan zegoen etxebizitza batean, etxejabeak eta higiezinen-agentziak gure lepotik poltsikoak betetzen zituzten bitartean, inongo erantzukizunik hartu gabe. Urte asko daramatzat familiagatik borrokan, eta uneotan gure ahalbide guztiak gainditzen dituen zerbaiti aurre egin beharrean aurkitzen naiz: etxe kaleratze mehatxua. Honako honetan instituzioetara jo genuen alternatiba habitazional baten bila, eta eskaintzen diguten aterabide bakarra ostatu bat da. Nik ez dut behar lo egiteko toki bat, baizik eta bizitzeko tokia!”.

Hitz horiekin adierazi du Leonorrek bere egoera. Santutxu auzoko Karmela Bizirik espazio autogestionatuan egin du agerraldia asteazken goizean Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak (AZET), auzoko familia bat etxe kaleratua izateko arriskuan dagoela ezagutzera eman eta salatzeko. Bozeramaileen artean zegoen Leonor, agerraldiaren bidez ezagutzera eman den etxe kaleratze agindua azalean bizitzen ari den emakumea. Leonor adin txikiko hiru alabekin –7 urtekoa bata, 6 urtekoa bigarrena, eta 6 hilabetekoa txikiena– eta bikotekidearekin bizi da Basarrateko etxebizitza baten, eta apirilaren 1erako daukate etxe kaleratze agindua.

Egungo etxebizitzan bizitzen hasi ziren unean, bai etxejabearen partetik zein higiezinen-agentziaren partetik irregulartasunak jazo zirela jakinarazi dute prentsaurrekoan. Eta etxejabeak, ezein erantzukizun bere gain hartzea baino, nahiago izan duela maizterrak auzitegietara eraman. Behin epailearen aurrean, Leonor eta bere familiaren kaleratzea eskatu dute.

Horrez gain, etxejabearen eta higiezinen-agentziaren irregulartasunak nahikoa ez, eta alokairu kontratua sinatu eta hamabost egunera familiak beste fronte batekin ere topo egin zuela azpimarratu dute: beren bizileku berria La Caixa banketxearen partetik enbargatua izateko prozesuan zegoen.

“Laburbilduz, egoera ondokoa da: alde batetik, hiru adingabekok osatzen duten familia kale gorrian geratzeko arriskuan dago, etxejabeak eskuak garbitu eta erantzukizunak hartzeari uko egiten dion bitartean; eta bestetik, gure bizitzen lepotik egunez egun aberasten den banku batek egoera kontrolatzen du goitik behaka, putre haratustela bailitzan”, adierazi dute AZETeko kideek.

Instituzioei interpelazioa

“Eta zer egiten dute egoera honen aurrean instituzioek eta Bilboko Udal Etxebizitzak? Zer egiten du Bilboko Udalak?”, bota dute airera galdera, segidan Leonor eta honen familiari eskaini dioten alternatiba aterabide duina ez dela salatzeko. Familiari eskaini diotena ostatu bateko gela bat baita.

“Bai, ongi entzun duzue, konbentzitu nahi gaituzte esanez ostalaritza negozio bateko gelaxka etxebizitza dela. Baina ez gaituzte engainatuko. AZETetik beti errepikatu ohi dugu etxebizitza ez direla soilik lau pareta”, azpimarratu dute, mezua argi utzi asmoz: “Ez dugu behar lo egiteko tokia, bizitzeko tokia behar dugu”.

Bizitzeko tokia berme bilakatzeko bidean, bi exijentzia nagusi helarazi dituzte Leonorren familiaren kasuarekin loturan: etxe kaleratzea berehala bertan behera uztea, eta alternatiba habitazional erreala eskaintzea.

Bide batez, agerraldia probestu dute Leonor eta bere familiaren kasuaren harira egingo dituzten ekintzetan parte hartzera dei egiteko jendeari. Aurreratu dutenez, martxoaren 22an asanblada irekia egingo dute, eta martxoaren 26an aldiz mobilizazioa.