argia.eus
INPRIMATU
Santurtziko Udalak herriko oroimen feministari tokia ukatzen diola salatu du Marimatraka Talde Feministak
  • 2021eko azaroaren 25ean indarkeria matxistak hildako eta kaltetutako herritarrak omentzeko plaka jarri zuen Santurtziko Marimatraka Talde Feministak. Udalak plaka erretiratu die birritan, eta apirilean plakaren euskarri izandako motzondoa hesitu zuen. Plaka udalaren eskutan dago, eta hura berreskuratu nahi izatera instantzia bete beharra adierazi die feministei. Marimatrakak salatu du baldintza horrekin plaka jasotzera doana edo doazenak seinalatzea, identifikatzea eta kriminalizatzea bilatzen dutela. Puntu horretara iritsirik, gertakariak eta egungo egoera salatu dituzte asteartean egindako agerraldian.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko ekainaren 22a
Argazkia: Marimatraka Talde Feminista

Santurtziko Udalak indarkeria matxistaren biktimak zein indarkeria matxistatik biririk atera direnak oroitzeko toki herrikoia ukatzen diela salatzeko, Santurtziko Marimatraka Talde Feministak agerraldia egin zuen astearte arratsaldean, 19:00etan, Santurtziko plazan. Agerraldia egiteko tokia ez zuten ausaz aukeratu; 2021eko azaroaren 25ean indarkeria matxista pairatu duten herriko emakumeen oroimen-plaka jarri zuten toki bera hautatu zuten jendaurrean agertzeko, behinola plakaren helduleku izandako motzondoaren bueltan, egun hesituta dagoena.

Motzondoa plakarik gabe eta hesituta egotera nola iritsi den argitzeko, Marimatrakako kideek gertatutakoa azaldu zuten. 2021eko azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko egunaren harira, indarkeria matxistak hil dituen edota indarkeria horren "ondorio guztiak gorputzetan edo buruetan gorpuzten" dituzten santurtziarren omenezko plaka bat jarri zuten parkeko motzondoan, "haien bizitzak garrantzitsuak direlako, eta haien heriotzak ere bai". Ekintza horrekin, parkea eta motzondoa oroimenerako eta omenaldirako gune bilakatu nahi zuten, ulerturik "izendatzen ez dena ez dela existitzen, eta lekurik ez duena, ahazten dena, behin eta berriz errepikatzen dela".

Aste gutxiren buruan, baina, udalak plaka kendu zuela azaldu du Marimatrakak. "Obra eta Zerbitzuen arloaren arabera, gure artean ez dauden horiek omentzeko oroimenerako plaka batek ez zuen lekurik gure herrian. Handik gutxira, bila nora joan behar genuen jakinarazi ziguten". Plaka berreskuratuta, Martxoaren 8a baliatu zuten hura berriz motzondoan jartzeko, bertaratutakoen "txalo eta urduritasun" artean. "Hura ikusteak, samurtu, hunkitu eta amorratu egiten gaituelako. Sistema patriarkal, kapitalista, arrazista eta biozida batean bizitzearen ondorioak gogorarazten dizkigulako". Plakak, baina, beste astebete eskas iraun zuen jarritako tokian.

Plakaren erretiratzearen inguruko azalpenik jaso ez zutenez, Marimatrakako kideek bilera egitea eskatu zioten udaleko berdintasun-zerbitzuari, bi helbururekin: gertatutakoaren gaineko informazioa lortzea, eta "Berdintasun arloko arduradunari indarkeria matxista jasan duten eta pairatzen duten guztiei eta udalerriko memoria historikoari espazio bat ematea gogoraraztea". Bilera hartatik inpotentzia sentimenduarekin atera zirela adierazi dute feministek. Izan ere, udalak uko egin zion plaka jartzeko aukerari. Plaka Obra eta Zerbitzuen alorrean zegoela, eta hara joz berreskura zezaketela esan zieten udaleko ordezkariek. Plaka ez zuten toki hartan aurkitu ordea, eta hitz eman zieten zinegotziak deituko ziela plaka jasotzera joateko. Deirik ez zuten jaso ordea, eta apirilaren 8an motzondoa hesituta aurkitu zuten. "Are ulergaitzagoa bihurtu zen dena. Udalak tokoi bat hesitu zuen indarkeria matxistaren biktimak omentzea eragozteko".

Kriminalizazio asmoak

Apirilaren 11n jaso zuten, azkenean, plaka jasotzera joateko mezua. Baina, espero ez zuten baldintzak jarri zizkien udalak horretarako: instantzia bat betetzea. Marimatrakak salatu du baldintza horrek helburu bati erantzuten diola: plaka jasotzera zihoana edo zihoazenak seinalatzea, identifikatzea eta kriminalizatzea.

Egoera horretan aurkiturik euren burua, gertakariak eta udalaren jarrera salatzea erabaki du talde feministak. Itzulingururik gabe adierazi dute plaka nahi dutela eta plaka horren tokia zein den argi daukatela, eta oztopoak alde batera, hori lortzeko bidean jarraituko dutela: "Angela Davisek esan zigun eta guk sinesten dugu: 'Ez ditugu onartzen aldatu ezin ditugun gauzak; onartu ezin ditugun gauzak aldatzen ditugu'".

 

 

Hesitutako motzondoa, "Guk idatziko dugu historia" dioen kartelarekin (Argazkia: Marimatraka Talde Feminista)

 

 

Gertakarien bilakaera ulergaitza

Marimatrakatik, gertakariak eta horien bilakaera ulergaitzak zaizkiela azpimarratu nahi izan dute: "Kontakizun honetan bada hitz bat etengabe errepikatzen dena: ulertezina. Ulertezina da udalak, erasotutako emakumeak omentzen dituen plaka bat kentzea. Ulertezina da haiekiko guztiekiko eta baita gurekiko zor historikoa aitortzeari uko egitea. Ulertezina da emakumeon ahotsa ez errespetatzea. Ulertezina da mugimendu feministari omenaldia egitea eragoztea. Ulertezina plaka bat bahitzea. Ulertezina da zuhaitz bat hesitzea konpondu beharrekoa saihesteko. Ulertezina da VI. Berdintasun Plana jendarteratzen den bitartean benetako politika feministak ezartzea eragoztea. Ulertezina da haien hitzak dokumentuetan bakarrik geratzea, eta inoiz ez praktikatzea. Ulertezina mugimendu feministaren atzetik ibiltzea, martxoaren 8ko mobilizazioetara gehitzen diren bitartean".

Prentsaurrekoaren bideoa: