argia.eus
INPRIMATU
Santurtziko Eguzkilore etxebizitza hustu, eta barruan zeuden bi pertsona atxilotu dituzte
  • 20 urte baino gehiagoz okupatuta egondako Eguzkilore etxea hustu du Ertzaintzak, eta barruan erresistentzian ari ziren bi kide atxilo eraman dituzte. Gertakarien aurrean, mobilizazioa deitu dute 19:30ean.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko urriaren 21a
Eguzkilore Etxea

Ostegun goizeko 09:30erako Santurtziko Cuesta del Hospital Bajo kaleko 31. zenbakira gerturatzeko deia egina zegoen. Bertan kokatua dago 20 urtetik gora okupatuta egon den Eguzkilore etxea, Chaferma SL eraikuntza enpresaren jabetzakoa. Urriaren 21 honetan, baina, amaiera eman diote ibilbide horri, iragarri bezala etxebizitza hustu egin baitute.  

Goizean goizetik hainbat lagun hurbildu da desalojoa gelditu asmoz egindako deialdira. Ertzaintzak etxebizitzaren inguruak sokaz inguratu dituen arren, bertaratutakoak zenbait orduz egon dira eraikinaren kanpoaldean, barruan zirenei babesa eta elkartasuna helarazten. Eguerdian, 14:30ak aldera, Pititako Informatzen-ek jakinarazi du bi pertsona atxilotu dituela Ertzaintzak. Etxebizitza barruan erresistentzian ari ziren bi kide dira atxilo eramandakoak.

Polizia oraindik atetik igaro gabe zela, barruan itxita zeuden kideetako batekin hitz egin du Irola Irratiak. Erresistentziaren bidea hautatzeko arrazoiak azaldu ditu hark. Jakinarazi du barruan ixtea erabaki badute ez dela izan bakarrik Eguzkilore beren etxebizitza izan delako, baizik eta adierazten duen guztiagatik. Desalojo arriskuaz ohartarazteko publiko egindako irakurketan egin bezala, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin lotu du hustea. Izan ere, Eguzkilore kokatuta dagoen Bullon auzoak 25 urte baino gehiago daramatza antolamenduz kanpo, eta jabetza berreskuratzeko etxebizitzaren jabearen bapateko interesa “Santurtziko Udala izapidatzen ari den hirigintza plan espekulatiboarekin” lotu dute etxeko kideek –baita “hainbat hedabide okupazioaren aurka garatzen ari diren kanpainarekin” ere–. Laburbilduz, estrategia zertan datzan azaldu du irratiarekin mintzatu den kideak: “Zonalde bat degradatu erosketak merke antzean egin eta eraikinak eraisteko, ostean berriak eraiki eta garesti saltzeko”.

Azaldu duenez, horren aurrean erantzun bat eman nahi zutelako erabaki dute hustearen aurrean erresistentzia agertzea: “Erantzun bat eman nahi genuen. Adierazi ez dugula okupatzen soilik etxebizitza baten beharra dugulako; hori ere bai, etxebizitza arazo larria dugu, baina horrez gain, okupatzen dugu uste dugulako jabetza pribatua guztiz bidegabea dela eta hein batean jendea esklabo bihurtzen duen sistema krudel hau eusten duen pieza dela”.

Mobilizaziora deia

Desalojoa gaitzetsiz eta atxilotuak askatzeko exijituz, mobilizaziora deia egin dute “Okupazioa sortu, lagundu eta babestu!” lelopean. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Santurtziko Gernika parketik.