Habanan sinatutako akordioa eta egungo errealitatea azalduko ditut, aurreko artikuluari segida emanez eta fokua pixka bat irekiz. Ahaleginduko naiz media nagusienetan oihartzun askorik ez duen aldearen ikuspuntutik egoera deskribatzen; noski, inongo objetibotasun asmorik gabe.
La Habanako Akordioak Kolonbian mende erdiz luzatu zen gatazka armatu latzaren testuinguruan eman ziren, FARC-EP gerrilla eta Santos presidentearen Gobernuaren arteko bost urteko negoziaketa prozesu luze baten ondorioz. Negoziaketa horiek nazioarteko beste herrialde batzuen ikuskaritza eta babespean gertatu ziren, eta sinadurak Nazio Batuen oniritzia jaso zuen. Lege konstituzional baten bidez Akordioak betekizun bilakatu ziren bi aldeentzat, gutxienez hiru legegintza presidentzialen epean. Zoritxarrez, baina, Kolonbia berri baterako hazia izan nahi zuten Akordioek ibilbide tragikoa pairatu dute geroztik.
Gatazka politikoaren korapilo historikoa izanik ere, estatuak jarraitzen du akordioak %10ean ere bete gabe. Adibideak: lur-eremuen katastroa, nekazari txikientzako lurren eskuratze integrala, nekazarien jabetzak babesteko nekazal legedia, nekazal eremuak baliabidez hornitzea, produkziotik komertzializazioraino, gatazka armatua eta pobrezia gehien sufritu duten lur eremuetan, normalean ekonomia ilegalek garrantzi handia izan duten eremuak izanik, lurralde ikuspegia duten garapenerako programak abian jartzea…
Betetze maila %50 ingurukoa bada ere, oraindik oposizioak bizia galtzen du politika hutsa egiteagatik. Akordioak sinatu zirenetik 90 Fariano eta 415 lider sozial erailak izan baitira. FARC alderdi politikoaren kidegoak ere, Santrich-ek eta beste batzuek bizi dituzten estatu-errepresioaren ondorioz, ziurgabetasun juridikoaz zein pertsonalaz bizi du akordioen inplementatzea.
FARC-EP-ek, bere konpromiso guztiak betez (%99), batetik adostutako armagabetzea burutu zuten, NBE-ren bitartekaritzarekin; bestetik, FARC-EP gerrillatik “Fuerza Alternativa Revolucionaria del Común” alderdi politikorako trantsizioa egin zuten eratze Kongresu berezi baten bidez. Gobernuak, bitartean, gerrillari ohien bizitza zibilerako trantsizioa bermatzen zuten akordioak bete gabe jarraitzen du, izan arlo ekonomikoan, izan osasunean, izan hezkuntzan, eta abar. Baina batez ere, ezerezean gelditu dira, halaber, gerrillariek proiektu produktiboak abiarazteko Akordioan zehaztutako laguntzak; beraien bitartekoekin eta nazioartean atea joz lortu dituzte biziraupenerako proiektu bakan batzuk aurrera ateratzea (tartean MCC). Eta ezin ahaztu gobernuak 400 preso politiko inguru gatibu dituela oraindik ere burokrazian aitzakiaz eta sinatutako amnistia dekretuari muzin eginez.
Atal honetan Gobernuak eta Gerrillak legez kanpoko laborantzaren ordezkapen borondatezkoa adostu zuten. Hala, nekazarien aurka bortxaz eta fumigatzeen bidez ekin beharrean, hauentzat nekazaritza gaien ekoizpenerako zein merkaturatzeko baldintzak sortzea adostu zuten, baita, aldi berean, biztanleen laborantza eta bizi baldintzak hobetzeko proiektuak ere. Baina Kolonbiako Gobernua, AEBtako interes politikoei eta presioei men eginez, bortxazko erradikazio ikuspegi zahar-antzuetara itzuli da berriz ere.
Azpimarratzekoenak: Egiaren batzordea, desagertuak bilatzeko komisioa eta “Jurisdicción Especial para la Paz” (JEP) epaitegiak. Justizia trantsizionalaren logikan sortutako epaitegi hauen bidez zera adostu zuten, gatazkan aktore izan diren gerrillari, polizia, militar, paramilitar eta pertsona zibilek, norbere ardurak aitortzean, zigor ez-penalak (errestauratiboak) jasoko zituztela. Uribismoak, JEPak duen garrantziaz jakitun, Habanan adostutakoa desitxuratu du erabat tramite parlamentarioen bidez, eta hari zilegitasuna kentzeko kanpainan dihardu buru belarri, zibilak (parapolitikoak, latifundistak, transnazionalak…) JEP-etik ateraz, militarrentzat sala berezitu bat sortzeko ahaleginekin, eta abar. Guzti horren atzean bi helburu daude: batetik, Uribismoak gatazkan duen ardura ezkutatzea, eta bestetik, gerrilla gatazkaren aktore bakar izendatuz, JEP-ak soilik hura epaitu eta zigortu dezala.
Habanako Akordioak betetzeko eta hauen jarraipena egiteko komisio ezberdinak adostu ziren, troikaren ardurapean (NBE, Gobernu Kolonbiarra eta FARC). Emaitza eskasekin.
Laburbilduz honokoa esan genezake. FARC-EP-en ikuspegitik, behin onartuta negoziaketa mahaiak ez zuela ahalbideratzen gatazkaren erroetan zeuden arrazoi estrukturalak konpontzea, gutxieneko aldaketa sakon batzuk onartu zituen. Apustua zera zen, Akordioak lanabes bezala erabiltzea, parte-hartze politiko legalaren babespean eta gehiengo sozialen aliantzekin mugimendu herritar eraldatzaile bat abiaraztea, gatazkaren jatorrian dauden arrazoiak aldatzeko. Santosen Gobernuak ordezkatzen zituen enpresarien eta estatu botereen helburua, berriz, matxinoen desegitea baino ez zen. Alegia, beren klase pribilegioen aurkako kontra-botere armatu nagusia desegitea, balizko aldaketa estruktural oro ekidinez.
Orain, Akordioen sinaduratik bi urte eta erdira, Duqueren Gobernu “berriak” erabateko iruzurrean segitzen du, jukutria parlamentarioan Akordioa ahal bezainbat itxuragabetuz. Bitartean, Habanan adostutakoa betearazteko borrokan katramilaturik, Akordioen aldeko oposizio zabala bere indar eraldatzaile oro xahutzen ari da soilik negoziaketan irabazitakoa errespeta dadin. Pacta Sunt Servanda.
Hala ere, kolonbiar errebeldeak ezaugarritzen dituen baikortasunetik, ez dute etsitzen Akordioen aldeko defentsa sutsuan. Azken asteotan 15.000 indigenak burutzen ari diren mingara (grebara) gehituz, oposizio zabalak Minga Nazional baterako deia egin du, Bakean, eskubideetan eta justizia sozialean oinarritutako etorkizuneko Kolonbia berri baten alde. “Juramos vencer y venceremos” oihukatzen du Jesus Santrichek isolamenduko 26. ziegatik. Hala bedi!
* Iurdan Martitegi Lizaso euskal preso politikoa da. Bigarren artikulu hau beste honen jarraipena da.