argia.eus
INPRIMATU
Santiago zubia 9.812 aldiz, Melillako hesitik Hendaiakora
  • Bide gurutzea performancea hasiko du Imanol Espinazok igandean, Irun eta Hendaia batzen dituen Santiago zubiaren eta Melillako hesiaren arteko distantzia oinez eginez.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 26a
Argazkia: Bide gurutzea / Imanol Espinazo

1.099 kilometro dira Melillako hesitik Santiago zubiraino. Horiek oinez eta Santiago zubian irudikatu nahi ditu Imanol Espinazok Bide gurutzea performancean. Adierazi duenez, hesi bat gehiago da Frantziako Poliziak egunean 24 orduz zaintzen duen oinezkoentzako zubia, bertatik Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga igarotzea galarazten duena.

Azken urtean bederatzi lagun hil dira Bidasoako mugan, eta hala kontatu du Espinazok: “Hendaiako gainontzeko biztanleak bezala, muga zeharkatzen saiatzen direnek pairatzen dituzten ondorioen eguneroko lekuko naiz”. Hori dela eta ibiltzea erabaki du Espinazok. Astebetez egunero joango da Santiago zubira, bertan Melillako hesia eta zubia bereizten dituen kilometroak egiteko. Isilik ibiliko da, eta parte hartu nahi duen oro gonbidatu du bidea berarekin batera egitera. 9.812 joan-etorri behar dira 1.099 kilometroak egiteko.

Hain zuzen ere, astebetez egun osoa ibilita ere nekez egin dezake pertsona bakarrak luzera hori, eta oinez parte hartzen duten pertsonen joan-etorriak zenbatuko dituzte, bidaia laburragoa eta partekatua eginez.