argia.eus
INPRIMATU
Santiago Maldonado ekintzailearena izan daitekeen gorpu bat aurkitu dute Argentinan
Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 18a

Argentinako Poliziak Santiago Maldonadorena izan daitekeen gorpu bat aurkitu du Chubut ibaian. Azken aldiz gaztea ikusi zuten lekutik 300 bat metrotara. Orduan, Herri Maputxearen aldeko protesta batean zegoen eta polizia bera jipoitzen ari zela diote lekukoek.

Oraindik ez dakite ziur ea Maldonadorena ote den gorpua. Argentinako Antropologia Forense taldearen erantzunaren zain daude. Gorpua Gustavo Lleral epaileak aginduriko operazioaren baitan aurkitu dute. Irailaren erdialdean, kasua epailez aldatu zuen auzitegiak errekurtso baten ondorioz, eta Lleral izendatu zuen Guido Otrantoren ordez.

Argentinako Gobernuak esan izan du desagerpenaren berri izan zuenetik Maldonado bilatzea izan duela helburu. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Batzordeak Macriren Gobernuari eskatu dio argitu dezala gertaturikoa.