argia.eus
INPRIMATU
Santiago de Compostelako zentro sozial okupatua “tapiatzea” kritikatu du alkateak
  • Escarnio e Maldizer gune sozial autogestionatua husterakoan, poliziak izandako jarrera bortitza erakusten duen bideoa plazaratu du Galizacontrainfo-k.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 01a

Martiño Noriega Santiago de Compostaleko alkateak ez du begi onez ikusi poliziak Espainiako Ordezkaritzaren aginduz joan den asteartean izandako esku-hartzea hiriko Escarnio e Maldizer gune autogestionatu ezaguna husteko orduan. Goizean goizetik eraikina tapiatu eta horren kontra elkartu ziren dozenaka lagunei oldartu zitzaien polizia, hirian hainbat istilu eraginez.

Compostela Abertako hautetsiaren esanetan "lokalak ez du inolako bizikidetza arazorik sortu 2014an okupatu izan zenetik" eta bere ustez gatazka elkarrizketa bidez konpondu zitekeen: "Jabetza pribatuaren defentsan aritzeak ezin du justifikatu eraikin bat modu horretan tapiatu eta lehioak horrela ixtea, partikular bati onartzen ez zaion aberrazio urbanistikoa ere bada hori". Eraikina ondare arkitektonikoa da eya babesturik dago.

Galiziar kulturaren ispilu

Gune autogestionatuan aktibitate ugari egin izan dira denbora honetan guztian "programa egonkorra mantendu izan du 2014tik hona, kultura, hezkuntza eta aisialdiari lotua", azaldu du Praza Publica komunikabideak.

Lokala Cantiga e Agarimos kantu eta dantza tradizionaleko taldearen egoitza izan zen aurretik –hortik datorkio oraingo "Escarnio e Maldizer" antzinako kanta satiriko galiziarren izena–. 2011n abandonaturik geratu zen eta eraikuntza-enpresa batek "erabateko arduragabekeriaz hondatzen" utzita zuen 2014an okupatua izan zen arte.