argia.eus
INPRIMATU
Santiago Cerveraren torpedoa ‘Diario de Navarra’ren aurka
  • Santiago Cervera PPko diputatu ohiak gogor idatzi du Diario de Navarra-ren aurka eta CANen desagerpenean dituen erantzukizunak azpimarratu ditu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko martxoaren 20a
Santiago Cervera PPko diputatu ohia ekainaren 1,2 eta 3an epaituko dute.

'Aski da, Cordovilla' artikulua martxoaren 18an argitaratu zuen NavarraConfidencial.com agerkarian. Cerveraren bizitza goitik behera aldatu zen 2012ko abenduaren 10etik aurrera. Egun hartan Iruñeko harresietan atxilotu zuen Guardia Zibilak, Cerveraren esanetan CANi buruzko informazio konfidentziala zuen sobre bat jasotzera joan zenean.

Cerverak bere burua errugabea dela eta tranpa batean erori zela adierazi du hasieratik. Atxiloketaren ondoren dimititu egin zuen eta ez du gehiegi adierazi izan CAN auziaz, aurretik honen desagerpenaren inguruan gogor aritu zenean bai prentsa artikulu bidez eta baita Twitterreko bere kontutik ere.

Datorren ekainaren 1, 2 eta 3an egingo da bere aurkako epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 3. Epaitegian. Artikuluan dionez, nazkatua dago Diario de Navarrak nola jokatzen duen berarekin eta ez dela gehiago isilduko iragartzen du. Bere lehen torpedoa Cordovillako egunkariaren aurka jaurti du. Hemen artikuluaren une beroenetako batzuk:

CAN auziaren muina: Cerveraren esanetan kutxa kudeaketa txarraren ondorioz hondoratu zen eta ondoren beherapenen gisan saldu zuten. Bankiarekin konparatzen du eta hau Madrilgo Gobernuak salbatu bazuen, CAN Caixabankek salbatu zuela dio. Bankian black txartelak baziren, CANen dietak ordaintzen zituen black organoa zegoela azpimarratzen du. Bere esanetan, hondamendi honetan guztian parte hartzen duen familiaren kide bat gehiago da Diario de Navarra.

Luis Colina. Diario de Navarra argitaratzen duen La Información S.A.-ko zuzendari nagusia da eta urteetan CANeko Administrazio Kontseiluko kide izan zen. Funtzio garrantzitsua zuela dio Cerverak, eta horren erakusle dela 2013an Enrique Goñirekin joan zela Nafarroako Legebiltzarrera, honek CANi buruzko azalpenak eman behar izan zituenean.

16 milioiko mailegua La Información S.A.-ri. 2008an CANek 16 milioi euroko mailegua eman zion La Informacióni, horrekin Vocento taldeko milioi bat akzio erosi ahal izateko. Maileguak iraun zuen ia denbora guztian, La Información-ek bakarrik interesak ordaindu zituen. Cerveraren esanetan, Vocentoko akzioek %85eko balioa galdu zuten berehalakoan, eta Cordovillako egunkariak bere Sicav bateko –zerga gutxiago ordaintzeko sortzen den enpresa mota– 17 milioi euro erabili behar izan zituen galerari aurre egiteko.

Banca Cívica. “Haiei ongi iruditu zitzaien Banca Cívica monstruoa burtsara ateratzea, beti sostengatu zuten aukera hori, eta hantxe hil zen kutxa behin-betiko”.

Brandok. La Información taldeko komunikazio enpresa bat da. Cerverak kontatzen duenez harro daude euren lanaz, besteak beste –enpresako arduradunek hala aitortzen dute–, edozein pertsonaren irudia aupatu edo txikitu dezaketelako Diario de Navarraren bidez. Eta hori da berarekin egin ei dutena, Cerverak salatzen duenez –egungo CAN Fundazioko zuzendariak berari aitortuta– CANek halako komunikazio kanpaina bat ordaindu baitzuen bere aurka.

Diario de Navarra: “Kutxaren gaian noraezean nola ibili diren kontuan izanda, honen desagerpenean izan duten zeharkako erantzukizun agerikoengatik Nafarroako gizarteari barkamena eskatuz editoriala idaztea litzateke eska dakiekeen gutxiena. Baina ez dute egingo. Aitzitik denbora luzea daramate arduratuak gaia iker daitekeelako”.