argia.eus
INPRIMATU
Santiago Cerverak “engainatu” egin zutela esan du atxilotu dutenean
  • Guardia Zibilak Santiago Cervera Nafarroako PPko diputatua atxilotu zuen atzo, Nafarroako Kutxako (CAN) presidenteari egindako xantaia saiakeran parte hartu duelakoan. Cerverak pertsona anonimo batek “engainatu” egin zuela adierazi du bere blogean, Nafarroako Kutxaren inguruko informazioa jasotzen omen zuen gutun faltsu batek eraman zuela behar ez zen lekura, behar ez zen momentuan.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 10
Santiago Cervera Nafarroako PPko diputatua atxilotu zuten atzo

Iruñean atxilotu zuten atzo Cervera, Jose Antonio Asiain CANeko presidenteari egin nahi zioten xantaian parte hartzea leporatuta. Diario de Navarrak jakinarazi duenez, abenduaren 5ean Asiainek posta elektroniko anonimo bat jaso zuen. Igorleak zioen bazekiela presidenteak dirua hartu zuela CANen zorrotik, eta mehatxu eginn zion: gertatutako ez azaleratzeko, presidenteak 25.000 euro utzi behar zituen Iruñeko Igeriketa Klubaren aurrean, pasa den abenduaren 7an. Asianek polizia jakinaren gainean jarri eta zaintza dispositiboa prestatu zuten.

Abenduaren 7an, Cervera agertu zen seinalatutako lekuan. Azaldu duenez, CANen inguruko dokumentu batzuk jasotzeko aipatutako lekura joan behar zela zioen mezua jaso zuen, eta jakin-minak bultzatuta egin zuen agindutakoa, CANen jarduera baita bere ibilbide politikoaren zutabe edo interesguneetako bat. Polizia-etxean galdeketa egin zioten, eta aske utzi zuten apur bat beranduago. Oraindik ez dute jakinarazi deliturik leporatuko dioten ala ez.