Voxeko zerrenda buru Jorge Buxadé eta alderdiko presidente Santiago Abascalek eskuin muturraren “emaitza onak” azpimarratu dituzte. Europar Batasun “zaharkitua” aldatzen ari dela esan dute, eta ziurtatu Bruselan “gehiago eta indar handiagoz” entzungo dituztela “patriotak eta kontserbadoreak”.
Buxadék lehenbizi eta Abascalek jarraian, Voxen gorakada goraipatu eta zoriondu dute. Eskuin muturreko hautagaiak azpimarratu du “Viva 24” programak Europako hauteskundeak irabazi dituela, eta zerrendatu egin ditu eskuin muturrak hainbat estatutan izandako emaitzak; bereziki zoriondu dute Marine Le Pen, Macron presidenteak hauteskundeetara deitu ostean. Horixe egiteko eskatu diote Pedro Sánchezi ere, “hausnartzeko” eta gorteak desegiteko: “Sánchezen alderdirik txarrena iristear dago, eta prest egon behar dugu ustelkeria gehiagorako, autokrazia gehiagorako eta zuzenbide-estatu gutxiago izateko. Aurrez aurre izango gaituztela jakin dezatela, egunetik egunera indartsuago”.
Voxek lortu dituen sei diputatuekin, 2019ko emaitza bikoiztu dutela nabarmendu dute. “Bruselan gehiago izango gara eta gehiago entzungo gaituzte. Ezkerreko 50 diputatu desagertu dira, eta horiek patriota eta kontserbadoreak izango dira orain”. “Lagun” horiek zoriondu dituzte, eta esan diete lortu dutela “diskurtso komun bat zabaltzea”, Europa osoan “indartzen” ari dena. Eskuin muturreko alderdien diskurtso neofaxista honela deskribatu du Abascalek: “Diskurtso hori da beren nazioen subiranotasunean sinesten dutenena, etorkizunaren agintea galdu nahi ez dutenena, muga seguruak sortzen eta eskatzen dituztenena, beren nazioetako gizonentzat eta emakumeentzat kaleetan segurtasuna nahi dutenena, belaunaldi-erreleboa duen etorkizuneko landa-eremua nahi dutenena, industria nazional lehiakorra nahi dutenena eta erabakiak beren bizkarrera hartzen dituzten guztiek aurrera egin dezaten prest ez dauden guztiena”.