argia.eus
INPRIMATU
Santa Klara uhartea babesteko plana eskatu dute Donostiako bizilagun eta natur taldeek
  • Uharteko itsasargian Cristina Iglesias artistaren obra paratzeko lanak 2021eko udaberrian amaituko dira. Sor ditzakeen  “albo-eraginez” kezkaturik idatzia plazaratu dute hainbat eragilek, eta kudeaketa iraunkorrerako plan bat eskatu dute.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 10a
Hainbat eragiletako kideek agerraldia egin dute Donostiako portuan.

Donostiako BiziLagunEkin plataformak, Eguzki talde ekologistak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Parkea Bizirik Kulunbera elkarteak agerraldia egin dute ostegunean Donostiako portuan, Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesiasen artelana jartzeko obrak direla-eta.

Azaldu dutenez “kezkatuta” daude artelana ikusgai jarri ondoren sor ditzakeen albo eraginez. Besteak beste, ingurumenean, ondarean, udal diru-kutxetan eta hiriaren turistifikazio prozesuan aldaketak ekarriko baititu, hauen hitzetan. Salatu dute Donostiako Udal Gobernuak ez diela jaramonik egin halako kalteak saihesteko proposaturiko hobekuntzei, are gehiago, obraren kostua %11 garestitu dela “noiz eta, krisi testuinguru honetan, behar eta premia sozialak areagotu direnean”.

Idatziaren bultzatzaileek garbi utzi nahi izan dute ez dutela proiektuaren balio artistikoa zalantzan jarri nahi, baina  uharteak eta hiriak dituen balioak babestu beharko liratekeela diote, eta, proiektua bere horretan utzita, “konpondu ezinezko kalteak” sortuko lituzkeela. Hala, Gaztelugatxeko kasua jarri dute adibidetzat.

Eragile hauek gogorarazi dute Santa Klara “harribitxi” bat dela hiriaren erdian, “Donostiaren nortasun kolektiboa ardazten duena” eta funtsezkotzat jo dute hori hala izaten segi dezan bermatzea. Horretarako, uhartearen kudeaketa eta erabilera plan bat eratzea proposatu dute.

Plan horrek jasoko lituzke, besteak beste, hainbat muga Santa Klarara iritsi eta uhartean sartzeko gehienezko jende kopuruari eta urte sasoiari dagokionez, baita itsasargiko artelana irekita mantentzeko egun kopuruari dagokionez ere:  “Uharteak egun betetzen duen lagunarteko aisialdirako arnas-gune funtzioa mantentzea bermatuko litzateke”. Horrez gain, azpiegitura gehigarririk ez egitea, edo interes pedagogikoak izan ditzaketen jarduerak soilik egitea proposatzen du planak, “hazkunde turistikoa jomuga dituzten ikuspegiak irmoki baztertuz”.

Beren ustez, oraindik badago aukerarik proiektu “ireki eta parte-hartzaile bat planteatzeko”, beti ere kontuan izanik uhartea etorkizuneko belaunaldientzat babestu beharreko biotopoa dela. Hala, Donostiako Udal Gobernuari eta proiektuaren talde teknikoari eskatu diete babes hori bermatzeko baliabideak “aktibatu” ditzatela.