argia.eus
INPRIMATU
Santa Anako haritzak: Lapurdiko kostaldeko hirigintza basatiari aurre egiteko ikur
  • Urruña eta Ziburu arteko hainbat auzo-bide handitzeko lanetan 24 haritz handi arriskuan daudela ohartarazi dute Santa Ana eta Penditxeneako bizilagunek. Arbolak salbatu eta ekosistema babesteko sinadura bilketa hasi dute eta jadanik 1.600 lagunen atxikimendua jaso dute.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 19a
Santa Ana eta Penditxeneko nekazal bideak kostatik gertu geratzen diren \"ederrenetakoak\" direla diote hango haritzak salbatzeko kanpainaren sustatzaileek.

“A” letraz markaturik dauden 24 haritz handiren bizitza kolokan dago Urruña eta Ziburu arteko Santa Ana bidean; letra horrek esan nahi du orpotik moztuko dituztela –abattage frantsesezko hitzaren hasiera da–. Auzotarrek sorturiko Santa Ana-Penditxene elkartearen esanetan, ez dago garbi zergatik sarraskitu nahi dituzten arbolak, baina badirudi administrazioak nekazal bide horiek urbanizatu nahi dituela, etorkizunean higiezinei loturiko proiektuak daudelako.

Bizilagunek kanpaina abiatu dute eta Change.org plataforman dagoeneko 1.600 sinadura bildu dituzte haritzak moztearen kontra eta ekosistema babestearen alde. Elkarteak dio natur ondare bat deuseztatuko dutela eta kostatik gertu halako bide gutxi geratzen dela.

Tamaina handiko haritzak "A" hizkiz markatu dituzte, orpotik sarraskituko dituztela esan nahi du horrek.

Santa Anako 24 haritzak salbatzeko afera Lapurdiko kostaldeak jasaten duen hirigintza txikizioaren sinbolo ere bilakatu da: “Funtsezkoa da toki eder hau babestea, nahikoa sakrifizio egin da A-63, Leclerc eta antzekoekin –azaldu du elkarteak Facebooken–. Nora goaz? Euskal kostan eraikuntzako erabakiak errebisatu behar dira… Jadanik badago nahikoa etxebizitza, gutxienez horien erdia hutsik egoten da urteko hiru laurdenetan”.

Urruña eta Ziburuko herriko etxeei eskatu diete engaia daitezela ingurumenaren alde hartu duten konpromisoarekin.