argia.eus
INPRIMATU
Sanitarioak euskararen aurka, sanitarioak pazienteen kontra

Adrian Zelaia 2024ko uztailaren 24a

Osakidetzaren euskara eskakizunak gehiegizkoak dira. Zalantzarik gabe. Osasun langileak ildo horren baitan kokatzen eta mobilizatzen ari gara. Euskararen aurka egon gabe, ikasteko asmo gutxirekin eta erabiltzeko are gutxiagorekin.

Unidas por una Exención Lingüística Real” da erreferentziazko plataforma berria. Euskaraz ez dakiten langileen prekaritatea eta desabantailak ageriak direnean datoz sektorea salbatzera. Ba al dago inor inguruan osasun arazodun senide, lagun edo dena delakorik izan eta Osakidetzaren egiturazko akatsak pairatu behar izan ez duenik? Denok dakigu hizkuntza eskakizunen errua dela. Horregatik, uztailaren 20an kontzentrazioa Bilbon.

Elkarbizitzaren alde. Espainiera derrigorrezkoa da medikuntza ikasteko, osasungintza espezializazioetara sartzeko (EIR, FIR, PIR, MIR...), formakuntza jasotzeko eta oposizioetara aurkezteko (ez puntuagarria, baldintza baizik). B2 maila baino, C1-aren baliokideak. Osasun sistema langile eta gaixo euskaldunen erdalduntze espazioa da egun, Aintzat-etik sarri salatu izan dugun bezala. Oposizioa bera euskaraz egitea gaitz, gaizki itzulitako azterketa egin eta emaitza okerragoa lortu nahi ezean. Zenbait azterketa epaitegietan daude ustelkeria akusaziopean (euskararik ez dakiten buru ugarik antolatuak eta sukaldatuak), baina errua, berriro ere, euskaldunona.

Nola egin lan euskaraz, ez dakien horrek (edo euskararen “inposizioaren” aurka dagoen lankide euskaldunak) latinetik eratorritako terminoak ulertzen ez dituela eta pazienteen bizitza salbatzeko “radiografía” idatzi behar duzula inposatuz gero “erradiografia” beharrean.

Ebidentzia zientifikoaren arabera erabiltzaile edo gaixo euskaldunentzat kalitate berme bakarra euskarazko arreta bada ere, osasun irizpideak ahaztu eta norbere pribilegioak defendatzeko pultsua kalean.  

Osasun langile euskaldunak garenontzat irain larria izateaz gain, gaixo euskaldunen aurkako indar erakustaldia da. Bigarren mailako herritarrak gara, gure hizkuntzan zerbitzurik jaso (eta eman) ezin dugunak

Hori baita afera: pribilegioen defentsa. Hamarkadetan zehar murrizketak eta egiturazko hutsuneak salatzen egon arren, euskaldunon errua da egungo prekaritatea. Gestio zalantzagarri eta pribatizazioen gainetik, existitzen ez den euskarazko osasun zerbitzu baten aurkako salaketa planteatu digute, badaezpadako mamu posible baten salaketa.

Zerbitzu publiko bat emateko, norbere interesak herritarrenaren gainetik jartzea bada helburua, lan aukerak zerbitzu publiko horretatik kanpo egiteko toki ugari egoteaz gain, komeni administrazioari publikotasunaren ulermena gizarteratzea. Zerbitzu publikoak erabiltzen ari dira herritarren zati handi bat baztertzeko eta haien osasuna kaltetzeko, eta are gehiago kaltetu nahi gaituzte.

Hizkuntza eskubideak ez daude lan eskubideei konfrontatuak. Langile inposatzaile eta erreakzionarioak daude euskarari konfrontatuak. Bi hizkuntza ofizial (oraingoz), zerbitzu publiko bakarra, ebidentzia zientifikoak bermaturiko kalitate maila gorenarekin. Irizpide horien aurka ari diren langileak dira, egun agintean dauden sindikatu, eragile eta alderdiek bertan kokatuak gehienak, euskaldunak bigarren mailako langile eta herritar bihurtzen gaituztenak.

Osasun langile euskaldunak garenontzat irain larria izateaz gain, gaixo euskaldunen aurkako indar erakustaldia da. Bigarren mailako herritarrak gara, gure hizkuntzan (ustez hizkuntza ofizialean) zerbitzurik jaso (eta eman) ezin dugunak. Ultraeskuin deritzon hori ez dago Euskal Herritik kanpo ezkutaturik, eta erasokor dator bere arrazakeria, klasismo eta inposizioekin. Egoera berez larri batean, beti dago atzerapausoak emateko aukera. Antolatu ezean, aurre egin ezean. Bada garaia euskaldunoi osasun arreta duina emango digun zerbitzua lortzeko. Sanitarioak euskaldunen aurka, osasun langileak pazienteen alde.

Adrian Zelaia, Aintzat mugimenduko kidea eta medikua