argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetan jazotako indarkeria matxista kasuak salatu dituzte
  • 22 salaketa jarri dituzte Sanferminak hasi direnetik. Horietako bat “intentsitate handikoa” izan dela salatu dute uztailaren 12ko mobilizazioan.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 13a
Mobilizazioa. Argazkia: VerĂ³nica Ferreira, @uvefe Twitterren.

Uztailaren 12ko arratsaldez, 17:30ean, emakume talde bat igo da Gazteluko plazako oholtzara. Beraiekin igo zuten kartelean honako leloa irakur zitekeen: “Emakumeon kontrako indarkeriarik ez”. Iruñeko Peñak, instituzio ezberdinen ordezkariak eta mugimendu feminista bertaratu dira, besteak beste.

22 emakumek salatu dute erasoak jasan izana. Horietako batzuek ziztadak jaso eta ondoren ondoezik sentitu direla salatu dute. Mobilizazioan esan dutenez 21 eraso “intentsitate txikikoak” izan dira eta bat “intentsitate handikoa”.

Intentsitate handiko erasoa sexu erasoa izan da. Donibane auzoan lagun batzuen etxetik irtetean kontzientzia galdu zuen emakume batek eta Mendillorri auzoko kale batean agertu zen, sexu eraso pairatu izanaren zantzuekin. Mobilizazioan honelako erasoak onartezinak direla adierazi zuten.

Mobilizazioan irakurritako adierazpenean, Enrique Mayaren udal gobernuaren politiken kontra ere egin da. Izan ere, besteak beste, sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu nahi izan zuen. Horri erreferentzia eginez mobilizazioan adierazi zuten “batzuek baboso eta matxiruloak berreskuratzera behartu” nahi dituztela. Halako jarrerekin datozenak inoiz ez direla gonbidatuak izan gogorarazi zuten, “ez lehen eta ez orain”. Gaineratu zuten emakumean ez direla etxean geratuko, “kalea, gaua, eguna, jaiak ere gureak dira” aldarrikatuz.

Ahotsa.infok elkarretaratzearen bideoa argitaratu du, bertan adierazpena entzun daiteke.