argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik epaiketa hasi da astelehen goizean Iruñean
  • 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak ustezko bost bortxatzaileetako bakoitzarentzat. 10:00etan hasiko da epaiketa eta azaroaren 24an amaituko da. Andrea-Lunes Lilas elkarteak agerraldia eginen du epaiketa horren harira euren ikuspuntua azaleratzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko azaroaren 13a
Sexu erasoen aurkako bilkura Iruñean.

Bost gizonezko, tartean Guardia Zibil bat eta militar bat, epaituko dituzte gaurtik aurrera Nafarroako Justizia Epaitegian iazko sanferminetan taldean emakume bat bortxatzeagatik. 10:00etan hasi da epaiketa eta goizez ariko dira deklarazioak hartzen eta bestelako probak jasotzen azaroaren 24ra arte. Ate itxiekin eginen da epaiketa guztia emakumearen intimitatea babesteko asmoz. 

Gaur bost akusatuei eginen zaie galdeketa. Asteartean izanen da emakumezkoak, biktimak, hitz eginen duen eguna. Hortik aurrera probak jasoko dituzte epaiketako sala horretan eta Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta lekukoak ere entzunen dituzte. 

22 urteko espetxe zigorra akusatu bakoitzarentzat

Hiru delitu leporatzen dizkiete bost akusatuei: eraso sexual iraunkorrarengatik 18 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak euretako bakoitzarentzako; ezin izango dira gerturatu emakumearengana 500 metro baino gehiago; biktimarekin ezin izanen dira komunikatu 20 urtean eta espetxe zigorra bete ondoren 10 urteko zaintzapeko askatasuna izanen dute. Intimitatearen aurkako delituarengatik gainera, 2 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte eta 5.409 euroko isuna ezartzen diete horregatik. Lapurreta egiteagatik beste bi urteko espetxe zigorra ere eskatzen die fiskalak. Biktimari egindako min moralarengatik 100.000 euroko kalte ordaina ordaintzera behartuko ditu eta Nafarroako Osasunbideari 1.531,37 eurokoa.

Akusatuen defentsak dagoeneko iragarri du bere bezeroek errugabe joko dituztela euren buruak.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.