Peñen Federazioa, Paris 365 elkarte solidarioa, Jesús Ilundáin 'El Tuli', Danzas Oberena, Sanferminak Berdintasunean edo PAHren artean aukeratu beharko dute herritarrek hilaren 17ra arte.
Aurten lehenbiziz iruindarrek aukeratu ahal izango dute uztailaren 6an Sanferminetako txupinazioa nork botako duen. Berez, Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eskumena da erabakitzea nola egingo den, eta honek herritarren bozketaz egitea erabakitu du. Ostiral goizetik ekainaren 17ra arte bozkatu ahal izango da Iruñeko Udalaren webgunean, 010 telefonoan edo Civivox zentroetan 16ra arte.
Izan diren proposamen ugarien lehen galbahea San Ferminetako Mahaiak egin du, azkenean sei hautagai hauek utzi arte. Peñen Federazioa 1959an sortu zen eta Iruñeko 15 peñek ostzen dute. Paris 365 jantoki solidarioa da, 2008az geroztik giza eskubideak eta eskubide sozialen alde ari dena eta elikadura eta etxebizitza esparruko hainbat zerbitzu eskaintzen dituena behartsuenentzat.
Oberena Dantza Taldeak bere 75. Urteurrena ospatzen du aurten; Sanferminak Berdintasunean Taldea 2014an sortu zen, festak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe egin daitezen aldarrikatzeko. PAH (Hipotekek Eragindako Pertsonak), 2011n eratu zen Iruñean eta 7 asanbladatan antolatzen da. Jesús Ilundáin Zaragüeta 'El Tuli' Los de Bronce peñako lehen bazkidea da egun, 85 urte ditu eta berak ekin zion entzierroko goizeroko abestiari.