argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako talde bortxatzailea ez espetxeratzea erabaki du Nafarroako Auzitegiak
  • Espainiako Auzitegi Gorenak kasuaren gaineko epai irmoa eman artean bost akusatuek baldintzapean aske jarraituko dute.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 03a
Epaia jakitera eman ostean egindako mobilizazioa Iruñean (Argazkia: Ekinklik Argazkiak)

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bost bortxatzaileak aske mantentzeko erabakia hartu du, hiru magistratutik bik ez espetxeratzearen aldeko botoa eman baitute. Magistratuetako batek bozkatu du akusatuak fidantzarik gabe espetxeratzearen alde.

Erabaki honekin baztertu egin dituzte Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak egindako eskaria. Hauek bortxatzaileak kartzelaratzea eskatzen zuten, bi arrazoirengatik: akusatuak ihesera eman eta delitua berriz egin dezaketela uste dutelako.

2016ko Sanferminetan emakume bat taldean bortxatu zuten bost akusatuek. 2017ko azaroan Nafarroako Lurralde Auzitegian epaituak izan ostean, bederatzina urteko kartzela zigorra ezarri zitzaien. Epaileek bortxaketarik ikusten ez zutenez sexu abusuengatik zigortu zituzten, ez sexu erasoagatik. 2018ko ekainean baldintzapean aske utzi zituzten bost bortxatzaileak, epaileek ez baitzuten ikusten auzipetuek ihesari emateko arriskurik, ezta delitua berriz egiteko aukerarik ere. Abenduan Nafarroako Auzitegi Gorenak sententzia berretsi ostean, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak helegiteak jarri zituzten, bost akusatuak berriz espetxeratzea eskatuz. Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio orain kasuaren gaineko erabakia hartzea.