argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako talde bortxaketako militarrari 150.000 euroko isuna, erasoaren bideoa zabaltzeagatik
  • Datuen Babeserako Espainiako Agentziak isuna jarri dio 2016an Iruñean beste hainbat gizonekin batera emakume bat bortxatu zuen Alfonso Jesus Cabezuelo militarrari. “La manada” gisa ezagutzen den taldeko kideak 150.000 euro ordaindu beharko ditu.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 02a
Sanferminetako talde-bortxaketaren epaiaren aurkako manifestazio bat (argazkia: Feministalde).

El Confidencial hedabide digitalak argitaratu duenez, 39 segundoko bideoa grabatu zuen talde-bortxaketan parte hartu zuen Alfonso Jesus Cabezuelo Espainiako armadako kideak eta ondoren bideoa zabaldu egin zuen.

Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren arabera, irudi horien zabalpenak inpaktu esanguratsua eragin zion erasoa jasan zuen emakumearen osasunari eta bizimodu sexualari, Nafarroako probintzi auzitegiaren sententziaren epaiaren arabera.

Hori dela-eta, 150.000 euroko isuna ezarri diote Cabezuelori, honek grabatutako bideoaren zabalpenaren ondorioz “edonork ikusi ahal izan dituelako” aipatutako irudiak.

Isuna 90.000 eurora murriztu dezake Cabezuelok helegiterik jartzen ez badu eta kopuru hori ordaintzen baldin badu, El Confidencialek aurreratu duenez.