argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako talde bortxaketa sexu erasotzat jo du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Nafarroako Auzitegiek bortxaketa sexu abusutzat jo ostean, Espainiako Auzitegi Gorenera heldu da kasua. Sententziaren arabera, sexu erasoa izan zen.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko ekainaren 21
Bortxaketa sexu abusua zela zioen epaiaren aurrean egindako protesta, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Bide luzearen ostean, heldu da auzibidearen amaierara 2016ko Sanferminetako talde bortxaketaren kasua. Ostiral goizean kasua berrikusi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta epaileek alde guztiak entzun ostean, gertatutakoa sexu erasoa izan zela dioen sententzia eman dute. Sexu abusuengatik bederatzina urteko espetxe zigorra zuten bost akusatuek, baina gaurko saioaren ostean, hamabost urtera igo diete kondena.

Nafarroako Auzitegiek –Probintzia Auzitegiak eta Auzitegi Nagusiak– bortxaketa sexu erasotzat ordez, sexu abusutzat jo zuten. Erasoa izan dadin erasotzaileak indarkeria erabili behar duela, eta bortxaketa horretan indarkeria zantzurik ez zegoela argudiatu zuten. Erasotzaileek eurek bideoan grabatu zuten bortxaketa froga gisa izanik ere, Auzitegi Nagusiaren sententziak dioenez emakumea bortxatzeko “abantailakeria” erabili zuten gizonek, ez indarkeria. Epaimahaia zatituta agertu zen: bost epailetik hiruk sinatu zuten, eta beste bik boto partikularra eman zuten, indarkeria erabili zutela adieraziz

Harrabotsa sortu zuten bortxaketa sexu abusutzat jotzen zuten epaiek, eta helegiteak jarri zituzten bai herri akusazioak zein akusazio partikularrak, kasua Espainiako Auzitegi Gorenera eramanez. Akusazioen eskaria bortxaketa sexu erasotzat jotzea zen. Defentsak, bere aldetik, bortxatzaileentzat absoluzioa eskatu du momentu oro, sexu harreman onartuak izan zirela argudiatuz.

Sexu erasoa

Ostiral goizean Espainiako Auzitegi Gorenean egindako berrikusketan Isabel Rodriguez Fiskalak argi defendatu du akusazioen postura, gertatutakoa sexu erasotzat joaz. Rodriguezen arabera, 2016ko Sanferminetako talde bortxaketan indarkeria erabili zuten erasotzaileek, eta hargatik sexu abusu ordez sexu erasotzat kalifikatu du gertakaria. Rodriguezen arabera “bortxaketa jarraitua” izan zen, indarkeria tarteko. "Ez dago biktimaren onespenaren arrastorik; akusatuek ez zioten ezer galdetu, eta beren presentzia eta jarrera hutsarekin, biktima makurrarazi zuten", adierazi du.

Horrez gain, azpimarratu du emakumea atari batean sarrarazi zutela, beldurra eragiten zuen giroan eta defendatzea ezinezkoa zuela. Bost gizonek erasotzen ari ziren emakumeari telefonoa kendu eta SIM txartela lurrera bota zutela azpimarratu du, ondokoa adieraziz: "Oztopatu egin nahi izan zuten biktimak laguntza eskatzeko zeukan modu bakarra". Hala bada, auzipetuei zigorra gogortzeko eskatu du: bederatzina urteko espetxe zigorra hemezortzira igotzearen alde agertu da.

Auzipetuen defentsak absoluzioa eskatu du beste behin, "adostutako sexu harremanak" izan zirenaren argudioari eutsiz. Akusazioko abokatuak erantzun dio isilik geratzea ez dela onespen seinale, eta ezezko esplizitu bat ez dela beharrezkoa gertakaria bortxaketa izan zela ondorioztatzeko. "Biktima bati ezin zaio jarrera heroiko bat exijitu, halako egoera arriskutsu batean", gaineratu du Fiskalak.

Epaileek, aldeek esandakoak entzun ostean, sententzia eman dute. Ia hiru urteko auzibidearen ostean, kasuaren norabidea aldatu eta talde bortxaketa sexu erasotzat jo da, ez sexu abusutzat. Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero, Jesus Escudero, Angel Pozas eta Alfonso Jesus Cabezudo bortxatzaileek hasierako espetxe zigorra biderkatzen duen zigorraldia bete beharko dute.