Auzitegiak ostiralean berrikusiko ditu jarritako helegiteak. Bortxaketa erasotzat hartzeko aukera mahaigainean izango da berriro.
Auzibidearen amaiera heltzen ari da 2016ko Sanferminetan gertatutako talde bortxaketa, gaur berrikusiko baitu kasua Espainiako Auzitegi Gorenak. Nafarroako Probintzia Auzitegiak eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak bortxaketa sexu erasotzat jo ordez sexu abusu gisa heldu da kasua Espainiako Auzitegi Gorenera. Akusazioen eskaria da bortxaketa sexu erasotzat jotzea, eta hala gertatuko balitz, auzipetuen zigorrak igotzea litzateke posibleena. Oraingoz, bederatzina urteko espetxe zigor eskaera dute bost akusatuek. Defentsak, bere aldetik, bortxatzaileentzat absoluzioa eskatu du, sexu harreman onartuak izan zirela argudiatuz.
Bortxaketa erasotzat ordez abusutzat jo zuten Nafarroako Auzitegiek, eta harrabotsa eragin zuen erabakiak. Erasoa izan dadin erasotzaileak indarkeria erabili behar duela, eta bortxaketa horretan indarkeria zantzurik ez zegoela argudiatu zuten. Erasotzaileek eurek bideoan grabatu zuten bortxaketa froga gisa izanik ere, Auzitegi Nagusiaren sententziak dioenez emakumea bortxatzeko “abantailakeria” erabili zuten gizonek, ez indarkeria. Epaimahaia zatituta agertu zen: bost epailetik hiruk sinatu zuten, eta beste bik boto partikularra eman zuten, indarkeria erabili zutela adieraziz.
Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago orain bortxaketa erasotzat jotzea ala ez.