argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako prozesioan izandako istiluen harira espetxeratutakoa fidantzapean aske utzi dute
  • Sanferminetan Iruñeko Kuria kaleko prozesioan izandako istiluen harira atxilotu eta espetxeratutakoa 6.000 euroko fidantzapean aske utzi dute.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 20a
Kuria kaleko istiluen une bat. Argazkia: Ahotsa

Iruñeko hirugarren epaitegiak aske utzi du Sanferminetako prozesioan izandako istiluen harira espetxeratu zuten Mutiloako herritarra. Ahotsa.info hedabideak jakitera eman duenez, abokatuak jarritako helegitea onartu eta fidantzapean utzi dute aske, 6.000 euro ordainduta. Gainera, pasaportea kenduko diote, ezingo da Espainiako Estatuaren mugetatik atera eta hilean behin epailearen aurretik igaro beharko da.

Maria Paz Benito epailearen arabera, kolpea jaso zuen polizia munizipalak lehenago ukabilkada bat eman izanak “ez ditu egozten zaizkion ekintzak aldatzen”. Desordena publikoa eta Udalaren aurkako atentatua egozten dizkiote, eta, epailearen ustez, “erasoaren muinean egon daitekeen motibazioa kontuan hartuta”, gorroto delitua edo gorroto larrigarria ere egon liteke.

Hala ere, “denbora pasa eta festak igaro direnez” delitua berriz egiteko aukerak gutxitzen direla esan du epaileak, eta kartzela ez den bestelako kautelazko neurriak nahikoa izan daitezkeela. Horrela erantzun dio defentsaren abokatuak jarritako helegiteari.

Akusatuak azaldu zuenez, familiarekin joan zen Iruñera, eta Kuria kaleko Prozesioa ikusten ari ziren istiluak hasi zirenean. Ahotsa.info-k zabaldutako irudietan ageri da 130 agenteak ikusten ari zen jende multzo bati ukabilkadaz eraso egin ziola, eta bueltan sudurra hautsi zion kolpea jaso zuela. Mutiloako biztanleak azaldu duenez, bere ama lehen lerroan zegoen, eta “erreakzio instintibo” gisa eman zuen kolpea, agentea zauritzeko asmorik gabe.