argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako bortxatzaileentzat behin-behineko askatasuna berretsi du Nafarroako Auzitegiak
  • Fiskaltzak eta akusazio partikularrek helegitea jarri zuten Sanferminetako talde bortxaketan parte hartu zutenak behin behinean aske uztearen kontra, baina Nafarroako Auzitegiak atzera bota du errekurtsoa. Magistratuetako baten kontrako bozkarekin, behin-behineko askatasunean jarraituko dute ‘La Manada’ kasuko bostek.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 18a
Talde bortxaketarekin lotutako ebazpen judizialek haserrea eragin dute Nafarroan eta Euskal Herri osoan (argazkia: Ekinklik).

Fiskaltzak, erasoa jasan zuen emakumearen defentsak eta Nafarroako Gobernuak zein Iruñeko Udalak osatutako herri-akusazioak duela hilabete errekurritu zuten bost gizonezkoak 6.000 euroko fidantzarekin baldintzapean aske uzten zituen ebazpena.

Fiskaltzak eta akusazioek ‘La Manada’ baldintzapean aske utzi zuen autoari jarritako helegiteak alboratu egin ditu Nafarroako Auzitegiak ordea. Ekainaren 21eko ebazpena, 6.000 euroko fidantzarekin bortxatzaileak baldintzapean aske uzten zituena “irmoa” dela azpimarratu du epaimahaiak.

Antonio Manuel Guerrero guardia zibilaren egoerari dagokionez, epaimahaiak adierazi du kasuari dagokion erresoluzioa auto independente baten bidez jakitera emango dela. Talde bortxaketan parte hartu zuen Guerrerok eta pasaportea eskuratzen saiatu zen espetxetik atera eta egun gutxitara, kautelazko-neurriek Espainiako Estatutik ateratzea debekatzen zioten arren.