argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetako bortxaketan parte hartu zuten bost gizonek fidantza ordainduta kalera irten nahi dute
  • Behin-behineko neurria ez mantentzeko eskatu dute ez dagoelakoan arriskurik ihes egiteko, frogak suntsitzeko, delitua berriz egiteko edo bortxatutako emakumeari gerturatzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko ekainaren 29a
Sanferminetako bortxaketaren aurkako elkarretaratzea (argazkia: Euskalerria irratia).

2016ko sanferminetan neska bat bortxatzeagatik espetxean dira bost gizonezko. Epaiketaren zain daude behin behinean preso. Eta orain, bost akusatuek eskatu dute kalera ateratzea fiantza baten truke.

Nabarmendu dute behin behinean espetxean mantentzeko arrazoirik ez dagoela: ez dute ihes eginen, ez dute probarik suntsituko, ez dute delitua berriz eginen eta bortxatutako emakumearengana ez dira gerturatuko. Horixe nabarmendu dute euren askatasuna defendatzeko. Nafarroako Justizia Auzitegiaren Bigarren Sekzioan egin dute eskaera bost gizonezkoek. 

"Geure bizitza suntsitu du kasu honek", nabarmendu dute emakuea bortxatu zuten bost gizonek. Berresten segitzen dute bortxaketa ez zela hala izan, emakumeak nahi izandako sexu praktikak izan zirela eta berak nahi izan zuelako sartu zela Paulino Caballeroko portalean.

"Prozesua ez da bidezkoa, ez dugu inolako deliturik egin eta egon izan balitz auzitegi batek erabakia hartuko du epaiketa baten ostean", nabarmendu dute bosten defentsek. Epaiketa eman ostean eta epaileak erabakiko balu delitua izan zela eta espetxera bidaltzen baditu, kondena bete beharko dute, baina bien bitartean bosten askatasuna eskatu dute. 

Kritikak Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Kasuak sortu duen alarma soziala "gehiegizkoa" izan da haien ustez. "Herritarren epaiketa egina dago baina zorionez justizia eta Giza Eskubideak horren gainetik daude", nabarmendu dute bost gizonen defentsa abokatuek. "Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua herri akusazio gisa pertsonifikatzea estrategia baten baitakoa dela iruditzen zaie, ez delako salaketa erreal bat izan", gaineratu dute. 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.