Uztailaren 4an, goizeko 10:00etan zuten hitzordua komunikabideek Donostiako Zabaleta kaleko 34. zenbakian. Hurbildu ginenean, erakusleihoak paperekin estalita zeuden oraindik. Atea zabaldu eta ilunpetan zegoen dena. Erdian mahai bat, (kontatu zigutenez) aldameneko tabernatik ekarritako hainbat aulkiz inguratuta; dozenaka urte dituen idatz-makina soleraduna mahai gainean.
Argazkilarien erreguei kasu egin eta piztu zuten argia. Argazki-saioaren ondoren, Imanol eta Eneko Agirre anaiak eta Oier Aranzabal eseri ziren mahaiaren bueltan (beranduago agertu zen Kepa Matxain).
Zazpi-zortzi lagun entzuteko prest. Nondik datozen kontatu zuen anaia zaharrenak, Imanolek. 41 urteko Zarauzko esperientzia konpartitu nahi dute donostiarrekin. 1973an Flor Illarramendi amak abiatu baitzuen Garoa herri horretan eta 2008an hartu zuten testigua Imanol eta Eneko semeek.
Hiru hanka izango ditu proiektuak: liburu denda, paperezko familia eta laborategi teknologikoa. Baina beheko aldean erakusketa gela muntatzen ari ziren larunbatean (barkatu, baina ez naiz artistaz gogoratzen) eta beraiek eskutik etorriko da Tako Donostia, Estudios Dureroren ekimena ere.
Liburu denda
Prentsa oharretik hartua: "Fondoko liburu denda izango da Garoa. Eta bereizgarri gisa, Laurence Cosse-ren La buena novela eleberriko zenbait ideia geureganatu ditugu. 12 idazle eta intelektualekin Literaturaren Garoako Komisioa (LGK) osatu dugu. 12etarik inork ez du elkarren berri, eta guztiak anonimotasunean mantenduko ditugu. Urteko hilabete bakoitzean, komisioko kide batzuk aukeratutako 'ezinbesteko irakurgaiak' jarriko ditugu Groseko liburu-dendaren erdigunean dagoen mahaian".
Paperezko familia
- Paperezko Lagunak. Beñat Sarasolak gidatutako irakurle kluba euskaraz.
- Amigos de Papel. Ruth Perez de Anucitak dinamizatutako duen irakurle kluba gaztelaniaz.
- Paperezko Kontzertuak. Liburu bati eskainitako kontzertu solasaldiak. Udan Jon Eskisabel arituko da dinamizatzaile lanetan: The Wave Pictures (uztailaren 12an, 20:00etan); Anari (uztailaren 26an, 20:00etan); Robert Ellis (irailaren 7an, 13:00etan); Sleepy Sun (irailaren 20an, 13:00etan). Kontzertu bakoitzeko sarrera 12 euro (liburu dendan eros daiteke soilik).
- Paperezko Filmak. Literatur zine kluba Begoña del Tesoren eskutik.
- Paperezko Antzerkia: antzerki eta hizketa saioak. Ainhoa Alberdi.
- Paperezko Pulpitutik: hitzaldiak eta aurkezpenak. Uztailaren 23an (19:00etan) Jose Antonio Agirreri buruz arituko dira Ludger Mees eta Josean Rodríguez Ranz. Uztailaren 24an, Jesús Eguiguren egongo da, 19:00etan ere (Euskal Herria: por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo).
- Garoan hitzaren geroaz: Kike Amonarriz arduratuko da udako solasaldi hauetaz. Denak arratsaldeko 19:00etan izango dira: Los dominios del español, Juan Carlos Moreno Cabrera uztailaren 9an; Hiztunpolisa, Jon Sarasua uztailaren 16an; Goza daiteke gehiago, Karmelo Ayestaran abuztuaren 27an.
Laborategi teknologikoa: osoigo.com
Zarauzko Garoa sotoan Eneko Agirrek sortutako espaziotik garatu da 2013ko abendutik aurrera osoigo.com (politikariei galderak egiteko plataforma). Eneko Agirre, Oier Aranzabal eta Lander Arretxea ari dira proiektu honetan lanean.
Kasu honetan, I. Forum Osoigo antolatu dute abuztuaren 6an, Kongresuko eta Senatuko hainbat politikariekin egingo den gosaria (goizeko 10:00etan).
[Artikulu honen jatorrizko bertsioa Mikel Iturriaren Harrikadak blogean publikatu da eta CC-by-sa lizentzia baliatuz argitaratu dugu gurean, egilearen baimenarekin].
Informazio gehiago:
Garoaren Donostiako egitasmoa ezagutarazi zenean "Liburuak saltzea baino gehiago" post-a argitaratu genuen Boligrafo Gorria blogean.