Quebecen egin zuten bezala, elkarrizketa eta legedia erabiltzearen alde agertu da Pedro Sanchez Espainiako presidentea. Dioenez, “herrialde bakoitzak bere bidea bilatu behar du gatazka politikoak konpontzeko".
Kanadako lehen ministro Justin Trudeaurekin bildu da Pedro Sanchez herrialdera egindako bisita ofizialean. Kataluniako eta Quebeceko auzien inguruan galdetu diete kazetariek eta Sanchezek erantzun du, Quebeceko prozesua eredu izan daitekeela Kataluniako gaia konpontzeko. Hala ere, momentu honetan Kataluniaren lehentasuna “elkarbizitza bermatzea" dela dio.
Gaineratu duenez, katalanen gehiengoa autogobernua eratzearen aldekoa da. Horregatik landu du Espainiako Gobernuak autogobernuari buruzko “proposamen politikoa".
Trudeau ez da mintzatu gaiaren inguruan, “auzia sentibera" delako eta bere iritziz Espainiar Estatuko "barne arazoa" delako. Sanchezen iritziz, hala ere, “Kataluniari buruz hitz egiten denean enpatia falta da eta bere ustez politika berreskuratzea da lehentasuna".
Espainiako Gobernuak Kanadan duen ordezkari Teresa Cunillera preso katalanei indultua ematearen alde azaldu da, beti ere, Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentistak zigortzean eta presoek indultua eskatuz gero.
Gobernuko presidenteordea den Carmen Calvok ere bere iritzia eman du eta dioenez, epaiketa atzeratuko balitz, ez luke nahi preso hauek luzaro izatea espetxean.