argia.eus
INPRIMATU
Oihana Goiriena, Pablo Gonzalezen emaztea
“Sanchezek dio Pabloren alde ari direla, baina Polonia babesten dutela ikusten dut”
  • Igandean Donostiako Zinemaldi Alternatiboan Pablo González oroitu dute, Polonian ia zazpi hilabete preso daramatzan kazetaria. Horretarako Vivir la guerra dokumentala ikusi dute lehenik eta Oihana Goirienarekin solasaldia egin dute ondoren. Antiguako Txantxarreka gaztetxea bete da eta txalo zaparrada handia jaso du Goirienak bere borrokagatik.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko irailaren 19a
Oihana Goirienaren bidez, Gonzalezen egoera hobeto ezagutzeko aukera izan dute hurbildutakoek. (Joseba Parron / Irutxuloko Hitza)

Free Pablo Gonzalez gisa izendatua zen Zinemaldi Alternatiboaren igandeko eguna. Donostiako Antigua auzoko kaleetan Pablo Gonzalezen aurpegidun kartelek, bere askatasuna eskatuz, iragartzen zuten ekitaldia.

Filma ikusi ostean, Goirienak bere senarraren kasua xehetu du eta beste zenbait gauzaren artean, jendaurrean adierazi du babesgabe sentitzen jarraitzen duela Espainiako Gobernuaren partetik. Azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako kanpo harremanetarako idazkaritzak bestelako jarrera duela, berarekin harremanetan eta segimendua egiten jarraitzen dutelako, eta horrelako harreman bat eskertuko lukeela Espainiako Gobernuaren partetik.

"[Espainiako Gobernutik] diote badabiltzala, baina emaitzarik ez dut ikusten. Eta ikusten dudana da Polonia babesten dutela. Joan ziren Pedro Sanchez eta Alvarez ministroa Poloniara, eta hango kanpo harremanetarako ministroarekin eta presidentearekin batu eta gero, esan dute Pavelek badaukala babes kontsularra, eta horrekin nahikoa dela. Haiek edozeren gainetik Poloniako legalitatea babestuko dutela esan zuten".

 

 

Goirienari bereziki mingarri egiten zaio hori, Polonia euskal kazetariaren oinarrizko eskubideak urratzen ari baita. Azken albistea da Gonzálezek Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu duela bere giza eskubideak urratzen ari dela Polonia, "gutxiengo justiziaren bermerik" ez duelako.

"Polonia bere oinarrizko eskubideak urratzen ari den bitartean Espainiak esatea Poloniaren legalitatea defendatuko duela, mingarria da"

Gonzálezen abokatuak gogorarazi du Estrasburgoko Auzitegiak epai bat baino gehiago eman dituela esanez "delituaren larritasuna, ihes egiteko aukera edo legezko prozesua oztopatzeko aukera ez direla nahikoa atxiloaldia hainbeste denboraz mantentzeko". Bi aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia kazetariari: atxilotu zutenean hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia agindu zioten, ekainean beste horrenbeste hilabetez luzatu zioten, eta abuztuan hiru hilabete gehiago luzatzea onartu zuten, Fiskaltzak hala eskatuta.

"Polonia bere oinarrizko eskubideak urratzen ari den bitartean Espainiak hori esatea, mingarria da. Eta gainera ez litzateke horrela izan behar. Lehenengo eskubideak daude eta gero legalitatea. Gainera Pablok Espainiako pasaportea dauka, beraz, beren legeen arabera Espainiako herritarra da. Sanchezek eta Alvarezek lehentasuna beren herritarra defendatzeari eman behar liokete eta ez Poloniako legalitateari".

Donostiako Txantxarreka gaztetxeko proiekzioan bildutako pertsonek txalo beroa eskaini diote Goirienari.

(Joseba Parron)