argia.eus
INPRIMATU
Sánchez, Díaz eta López: PSOEn barne lehia gogortzen hasi da
  • PSOE noren eskuetan geratuko den erabakitzeko kongresua ekainaren 18 eta 19an egingo dute; oraindik ez dute iragarri alderdiaren burua erabakitzeko hauteskunde primarioen data zehatza, baina hiru hautagaien arteko lehia, Pedro Sánchez, Susana Díaz eta Patxi Lopez, gogortzen hasi da.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 13a
Patxi López eta Pedro Sánchez hautagaiak. Patxi López eta Pedro Sánchez hautagaiak.

Díazek bere hautagaitza martxoaen 26an aurkeztuko du ofizialki Madrilen, Sánchezen jaioterrian. Sánchezek ekitaldi jendetsua egin du Cadizen, Díazek gobernatzen duen autonomia erkidegoan, eta Lópezek ere bere lehen ekitaldi jendetsua egin du Getafen.

Momentuz irabazteko aukera gutxien dituena da López, EAEko lehendakari ohia. Orain arte, agerraldi xumeak egin ditu tokiko taldeekin, baina asteburu honetan bere lehen hitzaldia eman du Getafen, 1.500 pertsonaren aurrean. PSOE ezkertiar bat aldarrikatu du, baina ezeren gainetik alderdiaren batasuna defendatu du.

Andaluzian berriz, PSOE eta Díazen indar-gune nagusian egin du hitzaldi jendetsua Sánchezek. Hautagaiak bere eslogan berria aurkeztu du: “Bai, baietz da” (Sí es sí). PSOE autonomo, ezkertiarra aldarrikatu du, baita oinarriko militanteen alde egingo duena ere; militantziari kontsultak egitea beharrezkoa izatea eskatu du.

Militantziaren zati handi baten nahiaren kontra alboratu zuten Sánchez alderdiko goi karguek, horien artean Díazek, eta abstentzioarekin PPren gobernua ahalbidetu zuten. Sánchezek oso gogoan du hori, eta kanpainan baliatzen ari da.

Gainera, alderdiaren Andaluziako burua udazkenean aukeratuko dute, eta Sánchezen aldekoek iragarri dute hautagai baten bila dabiltzala Díazen agintea higatzeko. Hala, beste fronte bat sortu diote Andaluziako lehendakariari. Azken horrek hilaren amaiera aurkeztuko du bere hautagaitza. Argudiatu du autonomia erkidego bat duela gidatzeko, eta horregatik aurkeztu behar izan duela besteak baina beranduago. Galdeketa batzuek irabazletzat jo dute Sánchez, eta horrek ezinegona sortu du Díazen taldean.

Díazek aurkezpena egin eta gutxira, apirilaren 1ean edo 8an onartuko du Batzorde Federalak ekaineko kongresua gidatuko duen ponentzia markoa.