argia.eus
INPRIMATU
Sánchez Corbí: Espainian heroi egin duten torturatzailea
  • Iragan iluna duen pertsona da Manuel Sánchez Corbí, bere burua behin eta berriz libratu duena mesede politikoei esker. Tortura kasuengatik kondenatua eta kargua betetzeko gaitasuna kenduta, José María Aznar Espainiako gobernuburuak indultua eman zion eta orain Guardia Zibil judizialeko (UCO) burua da. Erreportaje hau Kaosenlared.net-en argitaratu da.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko otsailaren 19a
Manuel Sánchez Corbí, Guardia Zibilak ETAren aurka burututako borrokak azaltzen dituen liburua aurkezten (Arg: eldiario.es)

1992ko urtarrilaren 29an Kepa Urra etakidea atxilotu zuen Guardia Zibilak. Eskuburdinak jarrita “biluztu egin zuten, objektu puntadunekin kolpatu eta lurretik herrestan ibili”. Hurrengo egunean, Kepa Urra hematomekin, hamabi erosiorekin eta lepoan zauriekin ospitalean ingresatu zutela, Daniel Vela Bizkaiko gobernadoreak esan zuen: “Arritmia daukate atxilotzen ditugunean, baina beraien bihotzak ondo funtzionatzen du bonba bat jartzen dutenean, haur bat erailtzen dutenean edo funtzionario bat hiltzen dutenean”.

Kepa Urra torturatutako hiru Guardia Zibilak hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten 1997an, tartean Manuel Sánchez Corbí. Corbí borroka antiterroristaren koordinatzailea zen Frantzian. Sententziak zioen kartzelara sartu behar zuela, baina José María Aznarrek 1999an indultatu zuen, Urra torturatu zuten beste bi guardia zibilekin batera.

Xabier Makazagak “Manual del Torturador español” liburuan Corbíri buruz zera idatzi zuen: “Tenientea zen Kepa Urra torturatu zuenean, torturen epaiaren bitartean kapitain izendatu zuten eta indultua eman ziotenean komandante postura goratu zuten”.

Denborarekin, Corbík koronel postua lortu zuen. ETAk desegitea iragarri zuenean, Unitate Operatibo Zentralera (UCO) — polizia judizial gisa jokatzen duen Guardia Zibilaren organoa — aldatzea eskatu zuen. 2015ean UCOko buruzagi izendatu zuten, eta gaur bertan segitzen du.

Orain gutxi La Vanguardian Corbí elkarrizketatu zuten, eta galdetu zioten ea nortzuk ziren “gaiztoak” ETAren aurkako borrokan. “Etarrak, batasunoak, peneuvistak eta eliza euskalduna”, erantzun zuen UCOko buruak.

EAJk deklarazioon aurrean berehala erreakzionatu zuen, eta Sánchez Corbí UCOtik kargugabetzea eskatu zuen Aitor Esteban parlamentuko bozeramaileak: “Heroiaren harropuzkeria darabilen eta protagonismorako egarri den tipo bat da. Zuotako askok ezagutzen dituzue bere astakeria eta abenturak, baina haiek ez dute ezer esango, beldur direlako”. Estebanek Mariano Rajoy Espainiako presidenteari gogorarazi zion Corbík deklarazio batzuetan esan zuela EAJk ez zuela ETAren amaiera nahi.

EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk ere UCOko presidentearen indultuaren aurka egin zuen. Corbíren argazki bat atera zuen Senatuan, eta José Antonio Nieto Espainiako Estatuko Segurtasuneko idazkari nagusiari galdegin: “Ezagutzen duzu gaizkile hau?”

EH Bildu eta EAJri jarraiki, Podemoseko bozeramaile Maribel Morak Corbíren immunitateari buruzko galdera bat egingo dio hurrengo astean Juan Ignacio Zoido Espainiako barne ministroari.

Corbí eta U-1

La Vanguardiako elkarrizketan, Corbík ez zuen torturarengatik kargugabetu zuteneko galderarik erantzun behar izan. Ezta ere urtarrilean Interviú aldizkarian argitaratutako beste elkarrizketa batean. Elkarrizketaren zati batek Kataluniako independentzia prozesua izan zuen hizpide, eta Corbík esan zuen prozesuak aurrera egiten badu, hemendik aurrera “koktel molotov-ak eta lehergailuak” agertuko direla.