argia.eus
INPRIMATU
Sanchez Asiain ez zen inoiz ezkutatu
  • Jose Angel Sanchez Asiain hil da. Barakaldon jaioa, gurasoak merkatariak zituen eta irakasle, katedradun, Banco Bilbao (BB) eta Banco Bilbao Vizcayako (BBV) presidente izan zen.

Juan Mari Arregi 2017ko urtarrilaren 05a

Banku modernoen aitzindari, kreditu txartela sortu zuen eta bankuen arteko fusioaren alde egin zuen. Banestorekin huts egin ondoren, BB eta BVren fusioa lortu zuen, Neguriko familia ezberdinak batuz. Gizaki oro bezala, argiak eta itzalak izan zituen. BBk paradisu fiskaletan funts sekretuak zituela deskubritzea itzal makurra izan zen.

Bankaria gertutik ezagutu nuen, pertsonalki harremana izan nuen berarekin Egin-en erredaktore nenbilenean. Bere nortasunaren bi alderdi positibo nabarmendu nahi nituzke. Lehenik, Sanchez Asiainek oso ondo zaindu zuen prentsarekiko harremana. Bere bankuari zegokion arazo batez informazio gatazkatsua izaten nuen aldiro –eta ez ziren gutxi izan– nire esanetara jartzen zen, bere komunikazio talde adeitsuarekin edo elkar bilduta. Ez zen inoiz ezkutatu. Beti erantzun zuen. Beti jarri zen telefonoan, eta hori ez zen ohikoa enpresa handien presidenteengan. Gizarte ereduaz ikuspegi ezberdina genuen eta bere garaian kritika gogorrak egin nizkion, baina beti errespetatu eta estimatu ninduen.

Bigarrenik, uste dut beharrezkoa dela onartzea Espainiako gerra zibileko bi bandoetako finantzazioaz egin zuen ekarpena.  La financiación de la guerra civil española liburuan hogei urteko ikerketa lana eta dokumentazio argitaragabea jaso zuen. Euskal Herrian  garrantzitsuak izan ziren Nafarroan izandako diru bilketak (Mola jeneralak kontrolaturiko “zerga iraultzailea” kasu), baita Bizkaian izan ziren ondasunen konfiskazioak ere, batez ere Sota familiarenak.  Agur, Jose Angel.