Espainiako Gorteak osatzeko ordu gutxi batzuk geratzen zirela, Pedro Sánchezek beharrezkoak dituen alderdi abertzaleen botoa eskuratu nahian hizkuntza gutxituen gaia jarri du mahai gainean. Espainiako Parlamentuko mahaiko presidente Francina Armengol PSOEko hautagaia izendatu dute azkenean, 178 botorekin, Juntsekin akordioa lortu ondoren.
"Espainiak gazteleraz hitz egiten du, baina Espainiak katalanez, euskaraz eta galizieraz ere hitz egiten du, eta beraz, gure eginkizuna da Espainiako hizkuntzak ordezkatzeko, erabiltzeko eta ezagutzeko espazioak egonkortzea". Hala esan du Pedro Sánchez Espainiako presidente berriz izateko hautagai sozialistak.
Sánchezek behar beharrezkoak ditu alderdi abertzaleen botoak, batez ere Junts talde katalanarenak, eta ondorioz, hizkuntza gutxituen gaia jarri du mahai gainean. Espainiak Europar Batasuneko presidentetza duela baliatuta, europar erakundeetan hizkuntza koofizialen erabilera sustatuko duela hitz eman du.
Baina erreakzioa berehalakoa izan. Esquerrako Marta Rovirak "horrela ez", esan dio, eta EAJko Aitor Estebanek gogorarazi dio ezin duela kanporako hitzeman barruan egiten ez duena, Espainiako Kongresuan eta Senatuan oraindik ez baitago arautua euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilera.
Katalanaren aldeko Plataforma Por la LLenguak ere Sánchezen proposamena "ez dela nahikoa" azaldu du eta katalanaren ofizialtasuna aldarrikatu du Europan.
Juntsen erabakia
Nolanahi ere, hizkuntzen erabilerari buruzko gaia guztiz lotuta dago Espainiako Gorteen eta Kongresuko mahaiaren osaketarekin. Juntsek ostegunean lehenengo orduan iragarri du Francina Armengol babestuko duela mahai horren presidente izateko, PSOEren hautagaia. Eta halaxe egin du, ostegun eguerdian izendatu dute Armengol, 178 botorekin, tartean Junts, ERC, EH Bildu, EAJrenak.
Hortaz, badirudi Carles Puigdemonten alderdiak hartu duela erabakia Sánchezen alde, azken ordura arte negoziaziotan ibili ondoren. Besteak beste, Pegasus auziaren eta abuztuaren 17ko atentatuen inguruko batzorde bana sortzea adostu dute aurreakordioan, eta azken puntu garrantzitsu bat ere bai: katalanaren erabilera Kongresuan.
Armengolek berak, Espainiako Gorteen eraketa saioan iragarri du hizkuntza koofizialen erabilera baimenduko duela hemendik aurrera.
Europar Batasunean hizkuntza koofizial
Puigdemontek "egitate frogagarriak" eskatu zizkion PSOEri, bere botoak lortzeko, eta El Diario.es-ek jakitera eman duenez ostegun goizean iritsi da halako zerbait: Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo ministroak idatzizko eskaera aurkeztu du katalana, euskara eta galiziera Europar Batasunean hizkuntza koofizial izan daitezen.
Irailaren 19an aztertuko du gaia Europar Batzordeak, orduan baitauka hurrengo bilera hitzartuta.