Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.
Aurten ere Bizkaiko nekazariek ezingo dute San Tomas azoka antolatu. Horrek ekarriko dizkien kalteekiko elkartasunez, Bilboko Konpartsek adierazi dute haiek ere ez dutela presentziarik izango Bilboko Areatzan: “Baserritarrik gabe, ez dugu ikusten egun horretan sukaldaritza eta kultur programaziorik antolatzea”.
Konpartsek babesa adierazi diete “urte osoan zehar kalitatezko eta sasoiko produktuen ekoizle direnei”. Konpartsek lehen sektorearen aldeko apustua berretsi dutela adierazi dute, "ekarpen xumea" eginez: urtero San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.
Konpartsek dei egin dute "jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak" babestera. Baita lehen sektorea eta elikadura-burujabetza ere, eta hirugarrenik, zerbitzu publikoak defendatzera. Guztien arteko lotura azaldu dute: “Bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du babesteko ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa”.
Konpartsek definitu dutenez, "Etxaldeko Emakumeak baserritarren talde irekia da, landa eremuko emakumeekin eta elikadura burujabetzarekin bat egiten duena. Beraien lan filosofia agroekofeminismoan oinarritzen da, nekazaritza munduan feminismoa txertatuz".