argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoari ‘San Sebastian Region’ deitzeak ez duela arrakastarik izan aitortu du Aldundiak eta “izen aldaketa” iragarri dute
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatuak jakinarazi du lurraldea sustatzeko izena aldatu egingo dutela. San Sebastian Region marka duela hiru urte aurkeztu zuten eta promoziorako proiektu eta baliabide ugari jarri dituzte denbora horretan.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 29a
Milaka euro xahutu ditu Aldundiak marketingean marka hori sustatu nahian.

Imanol Lasa Gipuzkoako Turismo diputatuak aitortu du San Sebastian Region markak ez duela "arrakastarik izan". Hala adierazi du El Diario Vasco egunkarian, eta jakinarazi du Gipuzkoako lurraldea sustatzeko izena aldatu egingo dutela.

San Sebastian Region marka 2016an aurkeztu zuen Diputazioak, aurreko legegintzaldian Denis Itxaso turismo diputatu zela. "Hiriburuaren posizionamenduari eta ospeari ahalik eta etekinik handiena" ateratzeko helburuz sortu zuen foru erakundeak marka hori.

Hala, turismo gidak, webgunea, sustapenerako bideoak, lehiaketak, irudiak eta bestelako baliabideak eskaini dizkiote azken urteetan. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak Twitterrez gogorarazi du besteak beste 234.000 gida eta 110.000 mapa ekoitzi zirela marka horren pean.

"Gipuzkoa" hitza lurraldearen turismo sustapenetik desagerrarazteak, baina, kritika eta eztabaida ekarri zuen. Batzar Nagusietako EH Bilduko ordezkariek esaterako "akatsa" zela salatu zuen.